Estibaliz Apellaniz Ingunza

“Lehendabiziko emakumezko geologo euskalduna izan nintzen”

Estibaliz Apellaniz Ingunza geologoa da, eta EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaile eta irakasle erretiratua da. Zientzia-artikulu ugari argitaratu ditu, eta estatuko eta nazioarteko kongresu askotan parte hartu du. Gainera, unibertsitatean egin zituen urteetan, irakaskuntzan eta ikerketan aritzeaz gain, jarduera zabala izan zuen kudeaketaren alorrean, eta, besteak beste, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanordea izan zen.

Zer ikasi zenuen, eta nola iritsi zinen STEM profesionala izatera?

Batxilergoan, Natura Zientzietako irakasleek ez zuten inolako interesik jarri geologiarekin zerikusia duten gaiak azaltzeko; beraz, unibertsitateko lehen mailan izan nuen lehen kontaktua zientzia horiekin, hau da, garai hartan Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatea deitzen zen hartan, eta han ikasi nituen Geologia Zientziak.

Txikitatik, asko ibiltzen nintzen aitarekin gure inguruko mendietan, batez ere Arratia bailarakoetan. Aita Galdakaoko Ganguren mendi-taldeko lehen kideetako bat izan zen. Fakultatean geologiarekin izan nuen lehen harremanak zientzia horrekin maitemintzera eraman ninduen, lagundu baitzidan ulertzen zergatik eta noiztik zeuden han aitarekin ibiltzen nituen mendiak.

1976an lizentziatu nintzen, eta Geologia Zientzietako lizentziaturako laugarren promozioko sari berezia jaso nuen. Ordura arte bost neska bakarrik lizentziatu ginen, eta, haien artetik, ni nintzen euskaraz zekien bakarra. Beraz, lehendabiziko emakumezko geologo euskalduna izan nintzen.

1977an, oposizio bat egin nuen Madrilen, eta, 22 urte besterik ez nuela, Batxilergoko irakasle katedradunaren lanpostua lortu nuen. Hamar urtez baino gehiagoz irakaskuntzan jardun nuen, eta Galdakaoko Batxilergo Institutuko zuzendaria izan nintzen 5 urtez.

1989an, unibertsitatera itzuli nintzen, eta doktorego-tesia egiten hasi nintzen Estratigrafia eta Paleontologia Sailean. Han, Geologia Zientzietan klaseak euskaraz emateaz gainera, ikerketan ere aritu nintzen.

Zertan zetzan zure lana?

Nire ibilbide profesionalaren zatirik handiena zientziari eskaini nion. Irakasle-lanetan eta unibertsitate-kudeaketako zereginetan jarduteaz gainera, Goi Kretazeoko eta Paleogenoko foraminifero planktoniko deritzen mikrofosilak aztertu nituen, periodo haietako gertaera klimatiko, ekologiko eta biologikoen berri izateko. Ikerketa horiek agerian utzi dute lotura estua dagoela klima-aldaketen eta izaki bizidunen eboluzioan izandako aldaketen artean. Gai horiekin dute zerikusia nire ekarpen eta zientzia-argitalpen gehienek, baita estatuko eta nazioarteko biltzarretan egin ditudan agerraldi gehienek ere.

Nire ikerketa-taldeak egindako lanari esker, hiru estratotipo ezarri ziren Eusko Kantauriar Arroan: bi Zumaiako Itzurun hondartzan eta bat Getxoko Gorrondatxe atalean. Estratotipoek lurraren epoka geologikoak datatzeko eta identifikatzeko balio dute, eta lurrean iltze urrekara bat jarrita seinalatzen dira (golden spike).

Orain erretiratuta nago, baina nire lantaldeak egiten duen ikerketaren batean laguntzen jarraitzen dut, eta hitzaldietan ere parte hartzen dut.

Zer duzu gogokoen zure lanetik?

Nire lanak gure planetaren historia eta haren kanpo-morfologiaren (paisaiak) bilakaera ulertzen lagundu dit, baita duela 3.800 milioi urte inguru sortu zen bizitzaren bilakaera ere, zeina planetak gaur den egunera arte izan dituen aldaketetara egokitu baita. Hori dena ulertzen laguntzea da gustukoen dudana.

Geologia ez da arroka, mineral, fosil edo paisaia baten kontenplazio hutsa, ezta natura-hondamendi handien azterketa hutsa ere. Hori baino askoz gehiago da. Geologia funtsezko zientzia da gizartearen beharrei erantzuteko. Gure gizarteak aurrekaririk gabeko erronkei egin behar die aurre. Gero eta biztanle gehiago dituen eta, aldi berean, bizitza-maila gero eta hobea izan nahi duen planeta baten beharrei erantzun behar diegu. Eta hori guztia, jasangarritasuna ahaztu gabe.

Iturria: Zientzialari (Zientzia Kaiera)

Lanean, zein da zure erronkarik edo zure motibaziorik handiena?

Espezie gisa dugun erronkarik handiena da ingurumenaren degradazioa murriztea. Kontzientzia hori ez badugu eta hori saihesteko ezer egiten ez badugu, suntsipenerantz joango gara. Hominidoek, planetako gainerako espezieek bezala, harreman zuzena dugu ingurunearekin, eta ez gaude gure inguruan gertatzen den horretatik salbu.

Gainerako espezieak bezala, gizakiak ere desager gaitezke; baina, gure kasuan, naturarekiko oreka mantentzeko gai izan ez garelako gertatuko da.

Zer esango zenioke emakume gazte edo nerabe bati STEM ikasketak egitera edo zuen eremuan lan egitera bultzatzeko?

Neskak animatuko nituzke gustukoa dutena ikastera eta egitera; hori benetako plazera da. Nire ikasle-garaian, geologia erabat maskulinizatuta zegoen. Lana laborategian zein bulegoan egin badaiteke ere, oso garrantzitsua da naturarekin harremanetan izatea, eta garai hartan ez zen batere ohikoa emakume bat bera bakarrik mendirik mendi ikustea. Gaur egun, zorionez, hori aldatu egin da, eta geologia ikastea erabakitzen duten nesken eta mutilen ehunekoak nahiko antzekoak dira.

Gainera, herrialde garatuetan gero eta geologo profesional gehiago behar dira, eta geologoaren lanbidea ongien aitortu eta ordaindutakoen artean dago, batez ere energia berriztagarri eta ez-berriztagarriekin lotutako eremuetan.

Geologiak adimena irekitzen laguntzen dizu, eta naturaz gozatzeko aukera ematen. Horrek zoriontasuna dakar berarekin. Ez zaizu damutuko!

Estibaliz Apellaniz Ingunzaren kartela deskargatzeko.

 

UPV/EHUko ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEKO GEOLOGIA SAILA

Oraintsu arte, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako Fakultatearen Geologia Atala hiru sailetan banatuta zegoen: Estratigrafia eta Paleontologia Saila, Geodinamika Saila eta Mineralogia eta Petrologia Saila. 2020/21 ikasturtetik aurrera, hiru sail horiek sail bakarrean elkartuta daude, Geologia Sailean. Ikasturtearen hasieran, sail hori honela osatuta zegoen: 53 irakasle, 33 ikertzaile, 3 administrari laguntzaile eta laborategiko teknikari bat. Geologia Saileko 90 langileetatik 35 emakumeak ziren.

1976tik aurrera, Geologia Ataleko ikerketa-taldeen bidez, askotariko gaiei buruzko 120 doktore-tesi baino gehiago egin dira, guztiak ere Eusko Kantauriar Arroko eta Iberiar penintsula osoko materialen ingurukoak.

Eusko Jaurlaritza