Marta Cagigas Martínez

“Ingeniaritzak laguntzen dizu arazo bat ikuspegi batetik baino gehiagotatik ikusteko eta irtenbiderik onena aurkitzeko gaitasuna garatzen”

Marta Cagigas Martínez ArcelorMittalen ari da lanean 2004az geroztik. Enpresan egin zituen lehen urteetan Sestaoko lantegian jardun zuen, eta 2016an Etxebarrira joan zen. Urte hauetan guztietan, sail batetik baino gehiagotatik igaro da, eta, hala, enpresaren zenbait lan-arlori buruzko ezagutza bereganatu du: berrikuntza teknologikoa, etengabeko hobekuntza, lidergoa, negozio-planaren garapena, plangintza, hornikuntza-katea, logistika, ekoizpena...

Zer ikasi zenuen? Zergatik erabaki zenuen hori ikastea? Nola iritsi zinen STEM profesionala izatera?

Industria Ingeniaritza ikasi nuen, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan. Beti ondo konpondu izan naiz zientzietan, eta industriaren mundua ezagutzeko jakin-mina nuen. Gainera, ingeniaritza ikasteak hainbat sektoretan lan egiteko aukera ematen zidan.

Ikasketak amaitu ondoren, praktikak egin nituen material erregogorrezko labeen ingeniaritza-enpresa batean, eta mundu hura asko gustatu zitzaidan; horregatik, curriculuma bidali nuen sektore metalurgikoko Bizkaiko enpresa guztietara, eta, zorionez, ArcelorMittalen kontratatu ninduten.

Batxilergoa ikasten ari nintzela, pianoko ikasketak ere egin nituen. Musika oso garrantzitsua da nire bizitzan, oro har.

Zertan datza zure lana?

Prozesu-ingeniaria eta errendimendu orokorrean aditua naiz, eta fabrikatzen dugun altzairuzko xaflaren ekoizpen-prozesua aztertzen dut, produkzio-lerroen errendimendua hobetzeko. Adibidez, lerrora 100 tona altzairuzko xafla sartu eta 80 bakarrik irteten badira, aztertzen dut zergatik galdu diren 20 tona eta nola murriztu daitekeen galera hori.

Egunerokoan, bilerak izaten ditut ekoizpen-sailarekin, bezperan gertatutakoa aztertzeko (kalitatea, fidagarritasuna, prozesua) eta eguna bideratzeko; bestalde, sarri joaten naiz ekoizpen-gunera, langileekin berba egiteko, probak egiteko –adibidez, ekoizpen-prozesuko parametroren bat aldatu, kalitate-arazoren bat ezabatzeko edo ekoizpen-abiadura handitzeko–, makinen egoera begiratzeko edo makina baten gune problematikoak aztertzeko.

Datuak etengabe aztertzen ditut; makinak informatizatuta daudenez, errazagoa da segimendua egitea eta akatsak detektatzea. Prozesuak hobetzeko moduak bilatzen saiatzen naiz, produktuak kalitatearen aldetik dituen anomaliak aztertzen ditut, eta anomalia horien iturburua bilatzen dut.

Zer duzu gogokoen zure lanetik?

Fabrikatzen dugun xaflaren ekoizpen-prozesua egunero hobetu daiteke zertxobait, eta hori da nire lanetik gogokoen dudana, erronka horri aurre egitea. Lankideekin dudan harremana ere gustatzen zait; ekoizpen-gunean jendearekin egoteak energia asko ematen dit, eta oso gogoko dut egunerokoan sortzen zaizkien arazoekin laguntzea.

Lanean, zein da zure erronkarik edo zure motibaziorik handiena?

Lanean, nire erronkarik handiena da profesional gisa hazi ahal izatea; egunero ikasten dut zerbait.

Oso pozgarria da prozesuaren akats bat aztertzea eta haren iturburua aurkitzea, edo kalitate-arazo bat zerk eragiten duen aurkitzea, nahiz eta horretarako egun asko igaro behar dituzun zeri heldu ez duzula, emaitzarik lortu gabe.

Motibazio handia da ingurukoei laguntzea eta haiek motibatzea, baita lankideek babestu, ulertu eta estimatzen nautela sentitzea ere.

Zer esango zenioke emakume gazte edo nerabe bati STEM ikasketak egitera edo zuen eremuan lan egitera bultzatzeko?

Esango nieke industria-enpresa batean ingeniaritzak irteera ugari dituela hainbat sailetan, eta karrera honek arazo bat ikuspegi batetik baino gehiagotatik ikusteko eta irtenbiderik onena aurkitzeko gaitasuna garatzen laguntzen dizula. Eta, gaitasun hori garatzen duzunez, merkatuko edozein sektoretan ikas dezakezu, azkar eta eraginkortasunez.

Esango nieke, halaber, ekoizpen-prozesu industrial batean lan egiteak, nire kasuan bezala, aukera ematen duela berrikuntzarako eta ideia bat zerbait ukigarri bihurtzeko, baita pertsona gisa garatzeko ere, askotan diziplina anitzeko taldeetan lan egitea eskatzen duelako.

Marta Cagigas Martínezen kartela deskargatzeko

 

ARCELORMITTAL ETXEBARRI

ArcelorMittal Etxebarri Nerbioi ibaiaren ertzean dago. Fabrika honetan, bobina-formako xaflak egiten dira, eztainuz eta kromoz estaliak; xafla horiek, gero, lehengai gisa erabiltzen dira elikagaiak eta edariak gordetzeko ontziak egiteko.

ArcelorMittal Etxebarri fabrika Bizkaiko Labe Garaietatik (1950-1960) dator, eta zenbait bat-egiteren ondorioz sortu zen. Lehenik eta behin, Aceralia eta Usinor batu ziren, eta Arcelor sortu zen; gero, Arcelor eta MittalSteel batu ziren, eta ArcelorMittal sortu zen. 2006an, gaur egun duen izena jarri zioten, ArcelorMittal Etxebarri.

Eusko Jaurlaritza