2022/09/29

Abanto-Zierbenako Bizilabek zientzia eta teknologia sustatuko ditu tailerren eta gazteen arteko topaketen bidez

Irailaren 29an egindako agerraldi publikoan, udalak 10 eta 14 urte bitarteko gazteentzako aisialdi-eskaintza berria jarri du martxan. Urritik aurrera, gazteek zientzia- eta teknologia-proiektuak egiteko aukera izango dute, ikertzaile profesionalen eta hezitzaileen laguntzarekin. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago.
Abanto-Zierbenako Bizilabek zientzia eta teknologia sustatuko ditu tailerren eta gazteen arteko topaketen bidez

Abanto-Zierbenako Udalak, Elhuyar Fundazioarekin batera, “Bizilabe Abanto-Zierbena” proiektua jarri du abian.

Bizilabe Abanto-Zierbena aisialdiko eskaintza 2022-2023 ikasturtean sortu da Abanto-Zierbenako Udalaren eta Elhuyarren eskutik, herriko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzeko eta herriko eta eskualdeko lan jarduera hobeto ezagutarazteko. Herriko gazteek (2009-2012an jaioak) zientzia eta teknologiarekiko, ekintzailetzarekiko eta sormenarekiko interesa eta motibazioa landuko dituzte proiektu honetan. Horretarako, astero bilduko dira, eta esperimentuak eta proiektuak egingo dituzte STEAM profesionalekin (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) eta hezitzaileen laguntzarekin, arlo horretako gaitasunak landu eta garatzeko. Hala, Bizilabek zientzia eta teknologiarekin lotutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko dizkie gazteei aurten.

"Bizilaberekin, Abanto-Zierbenako Udalak teknologia eta zientzia erakargarriagoak egin nahi ditu udalerriko ikasleentzat; STEAM bokazioak sustatu nahi ditu adin goiztiarretatik, eta gaitasun kognitiboak eta ez-kognitiboak sustatu, hala nola sormena, berrikuntza, talde-lana, enpatia, inteligentzia emozionala eta komunikazioa. Gainera, gazteriaren motibazioa eta STEAM arloekiko interesa areagotu nahi dira, hori guztia generoaren ikuspegitik”, azaldu du Iñaki Urrutia Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotziak.

“Programa honen bidez, gure gazteek beren sormena esperimentatu, ikertu eta garatuko dute. Abanto-Zierbenako 10 eta 14 urte bitarteko ikasleentzako aisialdirako eskaintza da. Zientzia eta teknologia gerturatzeko eta ezagutzeko aukera bat”, nabarmendu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Iñaki Urrutia del Cura zinegotziak, berriz, Bizilabe Abanto-Zierbenako ‘Izan ikertzaile eta asmatzaile’ programari buruzko xehetasunak eman ditu. Ekimena Gallartako Gaztegunean egingo da, urritik maiatzera, astelehenetan. Ordutegiak adinaren arabera finkatu dira, eta prezioari dagokionez ere aukera desberdinak daude; ikusi informazioa osorik hemen.

“Udalak ia osorik diruz lagundutako proiektua da. Abanto-Zierbenako gazteria-politiken ardatz nagusietako bat gure gazteak heztea da, eta, horregatik, ia 15.000 €-ko aurrekontu-partida erabili dugu horiek garatzeko”.

Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak azaldu du neskek STEM lanbideei buruz duten ikuspegia aldatu behar dela, haien parte-hartzea ezinbestekoa baita. Horretarako, beharrezkoa da gazteagoak direnetik zientzia eta teknologiako prestakuntza izatea. Eta horregatik jarri da abian Elhuyar Bizilabe ekimena Euskal Herriko hainbat eskualdetan. Bizilabe 2017az geroztik martxan dagoen ekimena da, gazteentzako ikerketa-zentroen sare bat da, eta dagoeneko eskaintza du Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan, Debabarrenean eta Tolosaldean, eta aurten Laudion ere hasiko da.

Izena emateko epea zabalik dago jada. Eman izena formulario honetan.