2018/09/21

Tabakalerak, Elhuyarrekin lankidetzan, gazteentzako tailerrak eskainiko ditu udazken honetarako

Zientzia bizi eta esperimentatzeko gazteei zuzendutako tailerrak dira.
Tabakalerak, Elhuyarrekin lankidetzan, gazteentzako tailerrak eskainiko ditu udazken honetarako

Biologia, kimika edo fisika proiektuak eta eguneroko errealitatearekin lotura duten esperimentuak landuko dira bertan.

Gazteei zientziarako interesa eta jakin-mina piztea du helburu, zientzia zer den eta zertarako den erabilgarria ulertzeko tresnak eskaintzea eta jakin-min horretatik abiatuta modu atsegin eta dibertigarri batean zientzian sakontzea. Parte-hartzaile eta taldearen interesak jarraituz, gertuko zientzia adibideak ikusiko dira eta gazteak zientzilari bihurtu.

Tabakalerak, proiektu hau Elhuyarrekin lankidetzan burutu du, Bizilabe metodologiatik abiatuta eta ikertzaileek gidatuta. Zortzi saio izango dira guztira, prozesu jarraia osatuz. Saio hauetan sortutako esperimentu eta materialekin zientzia txoko bat sortuko da Tabakalerako Hirikilabsen, gai honek laborategian jarraipena izan dezan. Egindako esperimentuak Tabakaleran azaroan egingo den Zientzia Astean azaltzeko aukera izango da.

Elhuyarren lankidetzarekin batera, ekimen honen babesle dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, FECYT (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, eta Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades.

Tailerrei buruzko informazio zehatzagoa eta izen-ematea, Tabakaleraren webgunean dago.