Beasaingo Bizilabeko gazteek STEAM profesional baten bisita jaso dute
Aurten jarri da martxan lehen aldiz Bizilabe Beasainen, eta, horrekin batera, STEAM arloko profesionalak gazteengana gerturatzeko bisitak ere iritsi dira herrira. Ekimen honen helburua da gazteek zientziaren eta teknologiaren mundua gertutik ezagutzea, profesionalen esperientzien bidez jakin-mina piztea eta etorkizuneko STEAM bokazioak sustatzea.
Lehen bisita honetan, Mariana Medina Sánchez CIC nanoGUNEko ikertzailea izan da protagonista. Kolonbian jaiotako ingeniaria da Mariana, eta nanoteknologian eta bioteknologian espezializatu da. Alemanian hainbat urtez ikertzen aritu ondoren, 2024an Donostiako CIC nanoGUNE ikerketa-zentroan hasi zen lanean, Ikerbasque ikerketa-irakasle eta Nanobiosistemak taldeko arduradun gisa.
Bere ikerketa-lana nanomedikuntzan oinarritzen da, hau da, oso eskala txikiko teknologiak osasunaren arloan aplikatzean. Besteak beste, mikrorrobot medikoak eta biosentsoreak garatzen ditu, gaixotasunen diagnostikoa eta tratamenduak hobetzeko helburuarekin. Bere ikerketa-ildoetako bat ugalketa lagunduko teknikekin lotuta dago, eta teknologia berrien bidez arlo horretako erronkei erantzutea du helburu.
Bisitan, gazteek aukera izan dute ikertzaile baten egunerokoa gertutik ezagutzeko, haren ibilbideari buruz gehiago jakiteko eta nanoteknologiak medikuntzan izan ditzakeen aplikazioak ezagutzeko. Era berean, zientziaren munduan lan egiteko dauden aukera desberdinak ikusarazteko eta ikerketaren inguruko estereotipoak apurtzeko balio izan du topaketak.
Bisita hau Beasaingo Udalak CIC nanoGUNErekin elkarlanean garatzen duen PartekatuZ proiektuari esker gauzatu da. Proiektu horrek zientzia eta herritarrak gerturatzea du helburu, ikerketa zientifikoaren inguruko ezagutza eta elkarrizketa sustatuz.
Bizilaberen helburu nagusietako bat gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea da, esperimentazioaren, sormenaren eta jakin-minaren bidez. STEAM profesionalen bisitak helburu horren osagarri dira, gazteei benetako erreferenteak ezagutzeko eta ikerketa-mundua gertutik bizitzeko aukera ematen baitiete.
Horrela, Beasaingo Bizilabek beste urrats bat eman du bere lehen ikasturtean, gazteei STEAM arloko esperientzia berriak eskainiz eta zientziarekiko interesa sustatzen jarraituz.
