Bizilabeko gazteek IMH bisitatu dute
Asteazken eta ostegun honetan, Bizilabeko 10-14 urte bitarteko gazteek IMH bisitatzeko aukera izan dute. Bizilabeko saioak IMHn bertan egiten ditugula aprobetxatuz, zentroko hainbat instalazio eta arlo ezagutzeko aukera izan dute.
Bisitan zehar, alde batetik, material adizio bidezko fabrikazioa nola egiten den ikusi dute eta bertan erabiltzen diren 3D inprimagailuak ikusteko aukera izan dute. Bestetik, robotikaren arloan murgildu dira, bertan dauden robotak nola funtzionatzen duten eta nola lan egiten duten ikusiz.
Gazteentzat esperientzia oso aberasgarria izan da, eta interes handiz jarraitu dituzte azalpenak.

Bizilabeko gazteei asko gustatzen zaie enpresetara eta teknologia zentroetara bisitak egitea. Izan ere, oso garrantzitsua da horrelako esperientziak izatea. ikerketek erakusten dute gazteek aisialdian bizi dituzten zientzia eta teknologiari lotutako esperientziek eragina dutela etorkizunean egingo dituzten ikasketak aukeratzerakoan. Gainera, bisita honi esker, Elgoibarren egiten den zientzia eta teknologia gertutik ezagutzeko aukera izan dute.
