Ikasturtean landutako proiektuen aurkezpenarekin eman diote amaiera ikasturteari Bizilabe Egunean
30 gaztek baino gehiagok parte hartu dute Elgoibarko Bizilabe Egunaren lehenengo edizioan, eta beraien proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztu dituzte IMH Campusean. Parte hartu duten gazteen senideez gain, Ion Zubiaurre Elgoibarko alkateordea, DanobatGroup, Etxetar, Berkoa eta Libelium enpresetako ordezkariak eta Aitziber Lasa Iglesias Elhuyarreko STEAM Hezkuntza koordinatzailea izan dira bertan.

Bizilabe proiektuak bizipen zientifikoak eskaini nahi dizkie gazteei, komunitate osoaren inplikazioarekin, eta Elgoibarren martxan dago proiektua Elgoibarko Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetzari esker, baita DanobatGroup, Etxetar, Berkoa, Alcorta, Bronymec eta Libelium enpresen laguntzari esker ere. Era berean, proiektuaren xedea da eskolaz kanpoko eskola horiek IMH Campusean ematea; izan ere, IMH Campusek puntako teknologia eta makineria eskaintzen ditu sektorean, baita STEAM irakaskuntzaren munduko profesional handiak ere.

Eskolatik kanpo zientziaz eta teknologiaz hitz egiteak onura ugari eskaintzen ditu: kontzeptu zientifikoak hobeto ulertzen dira, teoriatik praktikara pasatzea errazten da, teknologia berrien erabilera sustatzen da eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzeko aukera ematen da. Hala, gazteak konturatzen dira zientzia beren eguneroko bizitzako alderdi askotan dagoela, batez ere, gizarte-gai kritikoetan: hala nola, kutsadura edo jasangarritasuna. Jarduera horien bidez, gai horiei buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die. Halaber, emakume ikertzaileekin loturak egiteak eragin positiboa du, bereziki, nesken artean. Aisiak funtsezko zeregina du haurren eta gazteen garapen pertsonalean eta sozialean, eta Bizilabek balioa eman nahi du arlo horretan.

Bizilabe Egunean, honako proiektu hauek aurkeztu dira IMH Campusean Elgoibarko ikasturtearen amaierako ekitaldi gisa egindako jardunaldian:
- Microbit: pinball
- Wearables: Besoko elektrikoak
- Kristalizazioa
- Hidraulika
- 3D betaurrekoak
- Antotipia
- Holograma
- Hegazkin jaurtigailua
- Konbutxarekin larrua ekoizten
Argazki galeria: Elgoibarko Bizilabe Eguna 2026
2025-2026 ikasturterako izen-emateak zabalik
Dagoeneko, zabalik dago 2026ko urrian hasi eta 2027ko maiatzean amaituko den Elgoibarko “Asmatu eta esperimentatu” programan parte hartzeko izena emateko epea.
Asteazkena
- LH 5-6: 17:00-18:30
- DBH: 18:30-20:00
Osteguna
- LH 5-6: 17:30-19:00
- DBH: 19:00-20:30
Eman izena Elgoibarko Bizilaben
