Elgoibarko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketan

Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako Bizilabe Elgoibar ekimenaren barruan, III. Parekoen Topaketa ekimena egin da Elgoibarko Emakumeen Etxean (Lila). Bertan, Elgoibarko emakume zientzialariek eta Bizilabeko 10-14 urte bitarteko gazteek elkar ezagutzeko eta ideiak trukatzeko aukera izan dute.
Topaketan, lau mahaitan banatuta, zientzialari bakoitzak gazte talde batekin partekatu du bere esperientzia. Lehenik, zientzialariek beren burua aurkeztu eta egiten duten lanaren berri eman dute. Ondoren, gazteek Bizilaben lantzen ari diren proiektuak aurkeztu dizkiete. Ideien trukea sustatuz, zientzialariek iradokizunak eta aholkuak eman dizkiete gazteei, eta hauek, galderen bidez, zientzialarien jarduna hobeto ezagutzeko aukera izan dute. Dinamika aberasgarri hori hainbat aldiz errepikatu da, zientzialariak mahai batetik bestera mugituz.
Ekimen honi esker, gazteek ikertzaileen lana lehen eskutik ezagutzen dute eta beren proiektuak garatzeko inspirazioa jasotzen dute. Gainera, eredu berriak ezagutzeak eta elkarrizketa zuzena izateak bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko aukera paregabea eskaintzen die.
Parekoen Topaketa Elgoibarren antolatzen den hirugarren aldia da, eta Elgoibarko Bizilabe ekimenaren parte da. 2019an martxan jarritako eskolaz kanpoko jarduera horretan, gazteek zientzia eta teknologia lantzen dituzte modu praktiko eta esperimentalean. Aisialdian egiten diren ekintzek eragin handia dute bokazioak pizteko orduan, eta, horregatik, Elgoibarko erakunde desberdinen arteko elkarlana funtsezkoa da (instituzioak, ikastetxeak, enpresak, familiak…). Saretze horren emaitza da, besteak beste, Parekoen Topaketa. Horrez gain, Bizilabeko gazteek urtean zehar ikertzaileen bisitak jasotzen dituzte eta Elgoibarko enpresak bisitatzen dituzte, bertako errealitatea gertutik ezagutzeko.
Ekimen hau gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko urrats bat gehiago da, ikerketa eta berrikuntza beren egunerokoan txertatzen lagunduz.
Parte hartu duten STEM emakumeak:
- Iraia Silva
- Miren Aguirre
- Miren Flaño
- Miriam Lizarralde