2026/05/21

Bizilabeko bi talde Feria de la Ciencia y la Innovación de Asturias azokan izan dira

Bizilabeko bi talde Feria de la Ciencia y la Innovación de Asturias azokan izan dira

 

Elgoibarko eta Laudioko Bizilabeko gazteak Feria de la Ciencia y la Innovación de Asturias  azokan izan dira, “Lyme gaitza saihesten laguntzen duen aplikazioa” eta “Esekitoki automatikoa” proiektuak aurkezten.

Zehazki, Elgoibarko Bizilabetik, Othman eta Andoni ikasleak izan dira Asturiasko azokan, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan DBHko 1. eta 2. mailako hirugarren saria irabazi ostean. Saioa Aranburu Etxezarreta izan da proiektuaren tutorea.

 

“Lyme gaitza saihesten laguntzen duen aplikazioa” izeneko ikerketa-proiektuan, aplikazio bat diseinatu dute, erabiltzaileei larruazalean detektatutako akainak identifikatzen eta Lyme gaitzaren arriskuaz ohartarazten laguntzeko.

Laudioko Bizilabetik, berriz, Aimar, Eliana, Haimar eta Jon ikasleek hartu dute parte Asturiasko azokan, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan DBHko 1. eta 2. mailako bigarren saria irabazi ostean. Oihane Brauer Vega izan da proiektuaren tutorea.

“Esekitoki automatikoa” izeneko ikerketa-proiektuaren barruan, etxeko eguneroko bizimodua errazteko sistema bat asmatu dute: arropa automatikoki esekitzeko mekanismo bat da, mugikortasun-arazoak dituztenentzat lagungarria izango dena.

Feria de la Ciencia y la Innovación de Asturias azokan, aukera izan dute, batetik, beren lanak erakusteko eta beste proiektu batzuk ezagutzeko, eta bestetik, zientziarekiko grina duten beste ikasle batzuk ezagutzeko. Egun aberasgarriak izan dira, bai ikuspegi zientifikotik, bai pertsonaletik.

Zorionak egindako lan bikainagatik eta Elhuyar Zientzia Azokan jasotako sariagatik!

 

Bizilabe

Elhuyarrek sortutako Bizilabe proiektuaren helburua da gazteen artean zientziarekin eta teknologiarekin lotutako esperientziak sustatzea, talentu zientifiko eta teknologikoa garatzeko, betiere komunitateak parte hartuta.