2019/03/26

Debabarreneko gazteek ez dute eskualdeko industria ezagutzen

"STEM arloko ikasketen eta lanbideen inguruan Debabarreneko gazteen pertzepzioa" zein den jakiteko Elhuyarrek eta Debegesa Garapen Agentziak egindako ikerketaren ondorioetako bat da. ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioaren baitan aurkeztu da; gaurtik hasita ostiralera bitarte zabalik egongo da ABIAN azoka.
Debabarreneko gazteek ez dute eskualdeko industria ezagutzen

 

Gaur asteazkena, martxoak 27, zabaldu ditu ateak Armeria Eskolako patioan ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren IV. edizioak. Irekiera ekitaldian Lanbide Heziketa kalitatezko prestakuntza gisa balioetsi da, etengabe eguneratzen ari dena, enpresen beharretara egokitutakoa, eta ikasleei lan-merkatuan sartzeko aukera ematen diena.

Ekitaldian parte hartu dute Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendari Amaia Arteaga, SD Eibar Fundazioko presidenteorde Mikel Larrañaga, Debabarreneko alkateak, eta Elhuyarreko Aitziber Lasa Iglesias eta Danel Solabarrieta Arrizabalagak.

Erakundeetako ordezkariek ABIAN Azokan parte hartzen ari diren LHko zortzi ikastetxeen erakustokiak banan-banan bisitatu dituzte; bertan Debabarreneko eskaintza zabala ikusi eta ezagutu ahal izango da Lanbide Heziketako ikasleen eskutik.

Ekitaldiak, halaber, “STEM arloko ikasketen eta lanbideen inguruan Debabarreneko gazteen pertzepzioa” zein den jakiteko Debegesa Garapen Agentziak eta Elhuyarrek egindako ikerketaren emaitzak eta ondorio nagusiak azaltzeko balio izan du.

Debabarreneko 14 eta 15 urteko ia 550 ikaslek parte hartu dute ikerketan, galdetegi bati erantzunez; interesatzen zaizkien ikasgaiak zeintzuk diren, eskualdeko industriaz zer iritzi duten edota etorkizunean zer lanbidetan lan egitea gustatuko litzaiekeen galdetu zaie, besteak beste. Ikerketa burutzerako orduan genero ikuspegia txertatu da analisian.

Galdetegiari erantzun dioten gazte gehienek diote ez dutela eskualdeko industria ezagutzen eta eskualdeko industrian lan egiteak ere ez die bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen duten hainbat gazte, neskak zein mutilak. Etorkizunean STEM arloan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila berdintsua hautematen dute; baina mutilek gehiago ikusten dute beren burua sektore horretan lanean.

Era berean, ikerketak agerian utzi duenez, genero-estereotipo tradizionalek gazteen interesetan eragina dute: neskek gai ezberdin askotan dute interes handia eta mutilak, aldiz, kirolean eta zientzia eta teknologian zentratzen dira. Neskei gehien interesatzen zaizkien gaien artean daude gai sozialak (% 51,37), kirolak (% 46,67), eta medikuntza eta osasuna (% 46,66). Mutilen kasuan, berriz, kirolen inguruko interesa da nagusi (% 78,68), eta zientzia eta teknologiaren ingurukoa, bigarren (% 56,25).

Ikerketaren arabera, genero-estereotipoek indarra dute baita etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan ere. Mutilek kirola eta ingeniaria edo asmatzailea hautatzen dute gehienbat; eta neskek, ordea, enpresa edo osasun zientziei lotutako gaiak.

Ikerketa lan hau Debegesa Garapen Agentziak abiarazi duen “Debabarrena STEM” deritzon egitasmoaren baitan kokatzen da. Debabarreneko gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzera bideratuta dago egitasmoa, bereziki neskatilen artean. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Etorkizuna Eraikiz programaren bidez.

Aurkeztutako bideoa osorik ikusteko, sakatu hemen.