2023/11/24

Bizilabe Elgoibar-eko gazteak emakume zientzialariekin batu dira Parekoen Topaketa ekimenean

6 mahai guztira, zientzialari bana mahaian eta gazte talde bat. Ideiak elkar trukatuta, zientzialariak zenbait iradokizun eta aholku eman dizkie gazteei eta, gazteek zientzialariari galderak eginez, bere jarduna gehiago ezagutzeko aukera izan dute.
Bizilabe Elgoibar-eko gazteak emakume zientzialariekin batu dira Parekoen Topaketa ekimenean

Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako Bizilabe Elgoibar ekimenaren baitan, II. Parekoen Topaketa ekimena egin da Elgoibarko Emakumeen Etxean (Lila). Bertan, Elgoibarko emakume zientzialariek eta Bizilabe Elgoibarko 10-14 urte bitarteko gazteek ideiak elkar trukatu dituzte.

6 mahai guztira, zientzialari bana mahaian eta gazte talde bat. Mahai bakoitzean, lehenik zientzialariak bere burua aurkeztu eta egiten duen lanaren berri eman die gazteei, eta, ostean, gazteek Bizilaben egiten ari diren proiektuaren berri eman diote zientzialariari. Ideiak elkar trukatuta, zientzialariak zenbait iradokizun eta aholku eman dizkie gazteei eta, gazteek zientzialariari galderak eginez,  bere jarduna gehiago ezagutzeko aukera izan dute. Segidan, mahaiez mahai mugitu dira zientzialariak, ideia elkar-trukea mahai bakoitzean errepikatuz. Ekimen honi esker, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute ikertzaileen lana eta euren proiektuak garatzeko aholkuak jasotzen dituzte.

Parekoen topaketa Elgoibarren egiten den bigarren aldia da. Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako Bizilabe Elgoibar ekimenaren baitan kokatzen da. Bizilabe Elgoibar 2019an martxan jarri zen eskolaz kanpoko jarduera da eta gazteek zientzia eta teknologia lantzen dute bertan. Arlo hauekiko bokazioak pizteko orduan, eragin handia dute aisialdian egiten diren ekintzek. Ondorioz, oso garrantzitsua da Elgoibarko erakunde desberdinen arteko saretzea (instituzio eta erakundeak, ikastetxeak, enpresak, familiak…) eta saretze horren emaitza da, besteak beste, “Parekoen Topaketa”. Ekimen honetaz gain, Bizilabeko gazteek,  urtean zehar ikertzaileen bisitak jasotzen dituzte eta Elgoibarko enpresak bisitatzen dituzte.

Parekoen Topaketan parte hartu dute:

  • Miren Agirre
  • Nagore Ruiz de Escudero
  • Amaia Gabilondo
  • Ane Garmendia
  • Ana Carolina
  • Eva Rodriguez
  • Iraia Silva
  • Cristina Montero

Eusko Jaurlaritza
Danobatgroup_2021
Alcorta Forging Group
Etxetar
Berkoa