2026/06/03

Bizilabe Eguna, ikasturtean zehar egindako proiektuak aurkezteko egun handia

Gazteen zientzia eta teknologiako proiektuen erakusketak eman dio amaiera 2025-2026 ikasturteari
Bizilabe Eguna, ikasturtean zehar egindako proiektuak aurkezteko egun handia

 

Iruñeko Bizilabe Egunaren lehenego edizioan, 30 gazte inguruk parte hartu dute, eta 14 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztu dituzte Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Bertan parte hartu duten gazteen senideez gain, Mikel Armendáriz Barnechea, Iruñeko Udaleko Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zinegotzia izan da, Iruñeko Bizilabe proiektuaren sustatzaile gisa, Edurne Gaston Estanga Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailearekin batera.

     

Bizilabe proiektuak gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea du helburu, komunitate osoaren inplikazioarekin, eta Iruñeko Udalaren eta Elhuyarren arteko lankidetzari esker dago martxan Iruñan.

Eskolatik kanpo zientziaz eta teknologiaz hitz egiteak onura ugari eskaintzen ditu: kontzeptu zientifikoak hobeto ulertzen dira, teoriatik praktikara pasatzea errazten da, teknologia berrien erabilera sustatzen da eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzeko aukera ematen du. Hala, gazteak konturatzen dira zientzia beren eguneroko bizitzako alderdi askotan dagoela, batez ere gizarte-gai kritikoetan, hala nola kutsaduran edo jasangarritasunean. Jarduera horien bidez, gai horiei buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die. Halaber, emakumezko ikertzaileekin loturak ezartzeak eragin positiboa du, bereziki neskengan. Aisiak funtsezko zeregina du haurren eta gazteen garapen pertsonalean eta sozialean, eta Bizilabek balioa eman nahi du arlo horretan. 

     

Hauek dira, 2026ko Bizilabe Egunean, Ingurumen Hezkuntzako Museoan aurkeztu diren proiektuak:

  • Hidarulika
  • Kristalizazioa: Kristalizazioak eta geoda
  • Paperezko hegazkin jaurtigailua
  • Baldosa piezoeléctrica
  • Bideojolasa
  • Semaforo adimenduan
  • Lebitatzaile ultrasonikoa
  • Microbit: saskibaloia
  • 3D betaurrekoak
  • Microbiologia
  • Ur-iragazlea
  • Cyberpass
  • Antibiotiko naturalak
  • Bakteria fluoreszenteak 

 Argazki-galeria: Iruñeko Bizilabe Eguna 2026

 

2026-2027 ikasturterako izen-emateak zabalik

Zabalik da jada datorren ikasturtean izena emateko epea. Honako egun eta ordutan eskainiko da Bizilabe, Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako museoan:

Astelehena (Euskaraz)

  • LH 5-6: 17:00-18:30
  • DBH 1-2: 18:30-20:00

Asteartea (Gaztelaniaz)

  • LH 5-6: 17:00-18:30
  • DBH 1-2: 18:30-20:00

Bizilabe 2026-2027 izen-emateak

logopositivo_0.jpg