Bizilabe Iruñera iritsi da

Bizilabe, aurkeztu da gaur goizean Iruñeko Udalean, 10-14 urte bitartekoei zuzendutako aisialdi-eskaintza berria. Ikasturteko programa 2025eko irailean abiatuko da, Udalaren eta Elhuyarren eskutik. Aurkezpenean izan dira Mikel Armendáriz Barnechea, Iruñeko Udaleko Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zinegotzia; Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia; eta Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyar STEAM Hezkuntza arloko arduraduna.
Iruñeko Bizilabe Ingurumen Hezkuntzako Museoan eskainiko da, euskaraz astelehenetan eta gaztelaniaz asteartetan. 17:00-18:30 ordu-tartea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat izango da, eta 18:30-20:00etakoa, berriz, DBHko 1. eta 2. mailakoentzat. Izen-emateak irekita daude jada Bizilaberen webgunean.
Bizilaberen helburua da esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatzea gazteen artean; izan ere, ikerketek erakusten dutenaren arabera, zientziarekin lotutako bizipenek gazteen etorkizunerako asmoetan eragiten dute. Helburu hori lortzeko asmoz, neska-mutilak ikertzaile- eta asmatzaile-lanetan jardungo dira Bizilaben, zientzia- eta teknologia gaietan adituak diren gidarien eskutik. Jolasen eta esperimentuen bidez, orotariko edukiak barneratuko dituzte, eta zientzia- eta teknologia-proiektuak garatuko dituzte. Horrez gain, harremanekin lotutako bizipen ugari izango dituzte ikasturtean zehar; besteak beste, inguruan lan egiten duten profesionalen bisitak jasoko dituzte eta tokiko enpresak ikustera joango dira. Hala, zientzia- eta teknologian lan egiten duten profesionalak eta inguruneko errealitate zientifiko eta teknologikoa ezagutuko dituzte.
Programaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, STEAM diziplinak eskola-testuinguruan kokatzeko joera dugu, baina frogatu da eskolaz kanpoko esperientzia zientifiko-teknologikoek eragin positiboa dutela haur eta nerabeen alfabetatze zientifikoan. Hain zuzen ere, eskola-eremutik kanpo ere zientziari eta teknologiari buruz aritzeak zenbait onura dakartza: kontzeptu zientifikoen ulermena hobetzen du, eduki zientifikoak gertutik ikusteak teoriatik praktikara pasatzea dakar, teknologia berrien erabileran aritzeko aukera ematen du eta lan zientifikoaren zeharkakotasuna erakusten du. Hala, zientzia eguneroko esparru askotan dagoela ikus dezakete gazteek, batez ere gizarteko gai kritikoetan (adibidez: kutsadura, jasangarritasuna, etab). Eskolaz kanpoko jardueren bidez, gai horiei buruz hausnartu eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die. Jarduera horietan, eduki berriak ezagutzeko aukera dute, eta horietako askok zenbait balio lantzea eskatzen dute; adibidez, estereotipo okerrak alde batera uzten dituzte emakume ikerlariekin harremanak eraikitzen dituztenean, eta horrek neskei eragiten die batez ere. Beraz, aisialdia funtsezkoa da haur eta gazteen garapen pertsonal eta sozialerako, eta Bizilabek ekarpen bat egin nahi du testuinguru horretan.
Bizilabe 2017an abiatu zuen Elhuyarrek Bilbon, eta gaur egun Bilbon, Elgoibarren, Abanto-Zierbenan eta Laudion dago martxan, tokiko udalekin batera. Urtero-urtero, 2.000 gazte inguruk parte hartzen dute egitasmoan.
Eman izena Iruñeko Bizilaben