2026/03/25

Iruñeko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketa ekimenean

STEM profesionalek, 7 emakume eta 3 gizon, beren lan jardunean dituzten erronkez hitz egin diete Iruñeko Ingurumen Hezkuntza Museoan bildu diren 36 gazteei eta, gazteek Bizilaben lantzen ari diren STEM proiektuez hitz egin diete STEM profesionalei. Hala, zientziaren eta teknologiaren munduko erreferenteak (emakumezkoak geheiank) gazteei hurbiltzeko beste urrats bat egin nahi izan dute antolatzaileek.
Iruñeko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketa ekimenean

Iruñeko Ingurumen Hezkuntza Museoan egin den Parekoen Topaketa ekimenaren bidez, zientzia eta teknologiaren arloko profesionalak (gehienak emakumezkoak) Bizilabe programan parte hartzen duten haur eta gazteak parez pare jarri dira. Bertan, 10 STEM profesionalek beren eguneroko esperientziak eta erronkak partekatu dituzte, 10 eta 14 urte bitarteko 36 gazterekin, eta azken horiek beren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete emakumezko profesionalei.

Iruñeko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako ekimen honetan, gazte eta profesionalen arteko elkarrizketa zuzena bultzatu da. Mahai bakoitzean zientzia eta teknologiaren esparruko profesional bat eta gazte-talde bat elkartu dira. Lehenik, STEM profesionalek beren burua aurkeztu eta egiten duten lanaren berri eman diete gazteei. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren proiektuen berri eman diete profesionalei. Elkarrizketaren bidez, profesionalek aholkuak eta iradokizunak eskaini dizkiete gazteei, eta, aldi berean, gazteek aukera izan dute STEM profesionalen jarduna sakonago ezagutzeko. Saioan zehar, profesionalak mahaiez mahai aldatu dira, ideia-elkartrukea dinamikoa eta aberasgarria izan dadin.

Ekimen honi esker, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen eguneroko lana, eta emakume erreferenteak ikusgai jartzen dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute. Iruñeko Bizilaben egiten den lehenengo aldia da, eta gazteen talentua sustatzen laguntzen du ekimenak.

Iruñeko Bizilabe 2025ean jarri zen martxan eskolaz kanpoko programa gisa, eta bertan gazteek zientzia eta teknologia modu praktiko eta esperimentalean lantzen dituzte. Ekimen hau posible da Iruñeko erakunde, ikastetxe, enpresa eta familia batzuen arteko elkarlanari esker. Sare-lan horren emaitza da, besteak beste, Parekoen Topaketa.

Ekimen hau gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko urrats bat gehiago da, ikerketa eta berrikuntza beren egunerokoan txertatzen lagunduz.

Parekoen Topaketan parte hartu duten STEM profesionalak:

  • Mª Victoria Sarries Martínez (Bioteknologia, elikagaiak)
  • Amaia Munarriz Ibarrola (Hizkuntzalaria)
  • Itziar Pérez de Ciriza Macaya (Musikan ikertzailea)
  • Ruben Lasheras Ruiz (Ikerketa soziologikoak)
  • Silvia Zabalza Armendariz (Agrodibertsitatea)
  • Miryam Ayerra Ancín (Agrodibertsitatea)
  • Iosu Alfaro Vergarechea (Biologia)
  • Aránzazu Jurio Munarriz (Estatistika, informatika eta matematikak)
  • Marta López Marsá (Datuen zientzia eta Adimen Artifiziala)
  • Eneko Trebol Aizpurua (Landareen Fisiologia)

Argazki-galeria: Iruñeko Bizilabeko Parekoen Topaketa

logopositivo_0.jpg