Iruñeak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko du Elhuyarrekin batera
Iruñeako Udalak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko du Elhuyarrekin batera. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Horrela, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri da martxan Iruñeako 22 dendatan. Ekimena otsailaren 2tik 11ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Aurten, Euskal Herri osoko 400 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan.
Horrez gain, herritarrek, haur zein heldu, ginkana batean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, 12 emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeren QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte.
Gazteriaren Etxeak ere tarte berezia eskainiko die Elhuyarrek aurtengo kanpainarako hautatu dituen 12 emakume ikertzaileetatik 10i.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela sei urte, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aurten, Euskal Herri osoko 16 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera: Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urduliz.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Iruñeako saltoki parte-hartzaileak:
- Merka Happy
- Adorno
- Al gramo
- Alehome
- Carrefour Express (calle mayor)
- Carrefour Express (Estafeta)
- Clinica Veterinaria Labrit
- Elkar (comedias)
- Elkar (leire)
- Farmacia Goñi Medrano
- Flores Bosquecillo
- Goxolatte
- Karmele Berri
- Krabelin
- La zapatillera
- Lanas Lady Merino
- Mercado del Ensanche
- Mirate
- Muebles San José
- Ruhna
- Texartu
- Gaztediaren Etxea
