2025/05/14

Iruñeko gazteen STEAM diagnosiak argi utzi du gazteek zientzia eta teknologia arloetatik urrun kokatzen dutela beren burua

Iruñean egin berri den diagnosiak erakutsi du gazteek urrun sentitzen dutela zientzia eta teknologia eta genero-estereotipoek eragin handia dutela ikasketak aukeratzeko orduan
Iruñeko gazteen STEAM diagnosiak  argi utzi du gazteek zientzia eta teknologia arloetatik urrun kokatzen dutela beren burua

Udalak eta Elhuyarrek STEAM diagnosia egin berri dute Iruñean eta argi utzi du gazteek zientzia eta teknologia arloetatik urrun kokatzen dutela beren burua. Guztira, Iruñeko DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen 1.049 erantzun jaso dira (% 51,9 neskak, % 45,2 mutilak eta % 2,9 ez-binarioak).

Honakoak dira diagnosiaren ondorio nagusiak:

  • Esan dezakegu genero-estereotipo tradizionalek eragina dutela gazteek zenbait gairen inguruan duten interesean. Hala, neskei gehien interesatzen zaizkien gaiak irudi pertsonala eta moda, medikuntza eta osasuna, genero-berdintasuna eta gai sozialak dira. Aldiz, mutilei gehien interesatzen zaien gaia kirola da; ondoren, elikadura eta zientzia eta teknologiarekin lotutako gaiak aipatu dituzte, interes-maila beretsuarekin.
  • Ikasgaiekiko interes-maila baxua da, oro har. Neskek Biologian (6,4) eta Historian (6,1) dute interesik handiena, eta antzeko interesa azaldu dute Kimikan (5,1) eta Artean (5); mutilei, berriz, Teknologia eta Informatika (6,3) dira gehien interesatzen zaizkien ikasgaiak, eta antzeko interesa adierazi dute honako ikasgai hauei buruz: Historia (6,1) eta Matematika (5,8). Hala, STEM ikasgaiak gazteek ondoen baloratzen dituzten ikasgaien artean daude, baina Teknologia eta Informatika ez dira aipatzen neskek gehien baloratzen dituzten irakasgaien artean.
  • Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila oso desberdina hautematen dute: nesken % 33,1ek eta mutilen % 50k gai ikusten dute beren burua sektore horretan lan egiteko. Desberdintasuna nabaria da etorkizunean STEM arloan lan egiteko azaldu duten interesarekin ere: nesken % 23,2k eta mutilen % 39k adierazi dute etorkizunean STEM arloan jardutea gustatuko litzaiekeela.
  • Zenbait ikasgairekiko eta etorkizunean STEM arloan lan egiteko azaldu duten interesa guztiz erlazionatuta dago ikasgai horiek ikasteko eta etorkizunean STEM arloan jarduteko izango duten gaitasunaren autopertzepzioarekin.
  • Ez da berdina neskek eta mutilek STEM profesionalen bizimoduari buruz duten ikuspuntua, mutilek neskek baino zertxobait hobeto baloratu baitute (6,1 eta 5,2, hurrenez hurren).
  • Gazteek uste dute STEM profesionalak pertsona jakintsuak, langileak, jakinguratsuak, argiak eta ekintzaileak direla. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira, eta STEM profesionalen irudi estereotipatu horiek gazte asko urruntzen dituzte arlo horietako ikasketetatik eta lanpostuetatik.
  • Zenbait gairi buruz gazteek azaldu duten interesarekin gertatzen den bezala, genero-estereotipoek eragina dute etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan. Neskek osasun- eta gizarte-zientziekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat: irakaslea, psikologoa, medikua, haur-hezitzailea, erizaina… Mutilek, berriz, teknologiari, hezkuntzari eta kirolari lotutako lanbideak hautatu dituzte gehien interesatzen zaizkien lanbideen artean: ingeniaria, informatika, kirola, irakaslea, mekanikaria, suhiltzailea…
  • Gazteen % 40 inguruk adierazi dute ez dutela ezagutzen zein den Iruñean eta Iruña inguruan egiten den jarduna; gainontzeko % 60etatik, neska eta mutil gehienek nahiko argi dute eskualdean egiten den lana, automobilgintzarekin, industriarekin, elikadurarekin eta teknologiarekin erlazionatu baitute.
  • Etorkizunean zientzia eta teknologiaren arloko Iruñeko edo Iruña inguruko industrian edo antzeko lantokiren batean lan egiteak iradokitzen diena adierazteko aipatu dituzten hitzei dagokienez, aldea dago neskek eta mutilek erabili dituzten hitzen konnotazioaren artean. Neskek konnotazio negatiboko hitz gehiago aipatu dituzte, eta mutilek hobeto baloratu dute etorkizunean Iruñeko eta Iruña inguruko STEM arloko lanpostuetan jarduteko ideia.
  • Zientzia eta teknologian jarduten duten emakumeen eta gizonen lan-baldintzei buruzko ikuspegia oso desberdina da nesken eta mutilen artean. Nesken % 33,1ek uste dute STEM arloan jarduten duten emakumeek eta gizonek baldintza desberdinetan lan egiten dutela; aldiz, mutilen artean % 14,1 dira uste hori dutenak.
  • Ikuspegi orokorra eta gertukoa alderatuta, neskek ezjakintasun handiagoa adierazi dute zientzia eta teknologiaren arloko Iruñeko eta Iruña inguruko enpresetako genero-berdintasunaren inguruan. Hala, nesken % 21,5ek, uste dute Iruñean eta Iruña inguruan STEM arloan jarduten duten emakumeek eta gizonek baldintza desberdinetan lan egiten dutela, eta ezjakintasun handiagoa adierazi dute.
  • Gazteen % 30 inguruk pentsatzen dute ikerketa zientfikoek eta asmakuntza teknologikoek gizartean eragiten dituzten onurak eta kalteak orekatuak daudela. Beraz, lan handia dago egiteke ikerkuntza eta berrikuntza arduratsuaren alde, STEMekiko komunitate aktiboa eta gizarte kritikoago bat lortzeko.

Galdetegiaren emaitza guztiak “Iruñeko gazteen STEAM diagnosia” txostenean eta bideoan bildu dira.

 

logopositivo_0.jpg