2025/06/09

Gazteek ikasturtean zehar landutako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkeztu dituzte Laudioko Bizilabe Egunean

Ikasturtean zehar Bizilaben garatutako proiektuak erakutsi dituzte gazteek eta zientzia-ikuskizun parte-hartzaileak eman dio amaiera egunari
Gazteek ikasturtean zehar landutako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkeztu dituzte Laudioko Bizilabe Egunean

Laudioko Bizilabeko gazteek euren zientzia eta teknologiako lanak aurkeztu dituzte Bizilabe Egunean, senitarteko eta lagunen aurrean. Lamuza parkeko Kasinoan egin da ekitaldia, ospakizun giroan, eta zientzia-ikuskizun ikusgarri batek eman dio amaiera.

Ekitaldia ikasturteko ibilbideari itxiera emateko egun aproposa da, gazteen lana balioan jartzen duena. Gazteek proiektua egiten ikasitakoa partekatu dute, beraien ahalegina eta sormena agerian utziz. Hala nola, jarraitu beharreko urratsak edo gainditu beharreko zailtasunak zein izan diren azaldu diete bertaratuei.  Aurtengo ikasturtean arlo anitzeko esperimentu eta proiektuak garatu dituzte. Erronka zientifiko-teknologikoak gainditu, zirkuitu elektrikoak egin, erreakzio kimikoak gauzatu edota sukaldean dagoen zientzia aztertu ez ezik, programazioa, hidraulika, kriptografia eta biomaterialak landu dituzte.

   

Egunari amaiera, Bizilabeko gidari den Oihane Brauer-ek aurkeztutako zientzia-ikuskizunak eman dio. Emanaldi dibertigarri eta parte-hartzailea izan da. Huts-ponparekin aire-presioaren inguruko zenbat kontzeptu azaldu ditu. Ponpatik airea atera eta globo bat puzten edota edalontziko ura irakiten ikusi dute bertaratuek. Magdeburgoko hemisferioak banatzen ahalegindu dira ere, baina ez dute lortu!

  

Bizilabe Eguneko argazki-galeria

 

2025-2026 ikasturterako izen-ematea zabalik

2025eko urritik 2026ko maiatzera, asteazkenero izango dute 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak egiteko aukera, Laudioko Gaztelekuan. Ordutegia:

  • Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. maila: 16:30-18:00
  • DBH-ko 1. eta 2. maila: 18:00-19:30

Eman izena Laudioko Bizilaben 2025-2026

ELH_RGB_CLAIM.png
Logo-Laudio-Udala-H1-Eskn-Der.png