2023/01/13

Hasi da bigarren hiruhilekoa Bizilabe Laudion

Asteazkenero, zientzia- eta teknologia-jarduerak egiten jarraitzen dute 10-12 urte bitarteko gazteek. Oraindik ere badago izena emateko aukera. Animatu, eta hartu parte!
Hasi da bigarren hiruhilekoa Bizilabe Laudion

Elhuyarrek Laudioko Udalarekin batera abiatutako Bizilabe zentroa martxan da. Ikasturte osoan zehar, aurten lehendabiziko aldiz, Laudioko neska-mutilek zientzia- eta teknologia-jarduerak egingo dituzte Bizilabe Laudioko Izan ikertzaile, asmatzaile aisialdi-eskaintzaren bidez.

Urritik abendura denetariko zientzia- eta teknologia-jarduerak egin dituzte, hala nola erronka zientifiko-teknologikoak gainditu, elektrizitatea uste baino leku gehiagotan dagoela aztertu, erreakzio kimikoak gauzatu, jariakinen propietateak aztertu edota DNAren erauzketa egin. Gainera, emakume ikertzaile baten bisita izan dute eta berarekin biofisika oinarri hartuta esperimentuak eta hainbat proba egin dituzte.

Urtarriletik aurrera, gazteek proiektuak garatuko dituzte, taldeka. Hauekin hainbat gai landuko dituzte, esaterako, programazioa, argiaren izaera eta portaera, energia berriztagarriak eta biomaterialen garrantzi eta erabilerak.

Hemendik eta kurtsoa bukatu arte zenbait ekimen berezi ere gauzatuko dira, enpresetara bisitak eta ikasturte amaierako proiektu-erakustaldia, besteak beste.

Oraindik ere badago izena emateko aukera; beraz, animatu, eta eman izena udaletxean!