2025/05/08

Laudioko Bizilabeko gazteak herriko STEM emakumeekin elkartu dira

Laudioko Bizilabeko gazteak herriko STEM emakumeekin elkartu dira

Laudioko Lamuza parkeko kasinoan egin den 'Parekoen Topaketa' ekimenaren bidez, zientzia eta teknologiaren arloko emakumezko profesionalak  Bizilabe programan parte hartzen duten haur eta gazteak parez pare dira. Bertan,4 emakume profesionalek beren esperientziak eta erronkak partekatu dituzte, 10 eta 14 urte bitarteko Bizilabeko haur eta gazterekin, eta azken horiek beren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete emakumezko profesionalei.

Laudioko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako ekimen honetan, gazte eta profesionalen arteko elkarrizketa zuzena bultzatu da. Mahai bakoitzean zientzia eta teknologiaren esparru profesionaleko emakume bat eta gazte-talde bat elkartu dira. Lehenik, emakume profesionalek beren burua aurkeztu eta egiten duten lanaren berri eman diete gazteei. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren proiektuen berri eman diete profesionalei. Elkarrizketaren bidez, profesionalek aholkuak eta iradokizunak eskaini dizkiete gazteei, eta, aldi berean, gazteek aukera izan dute emakume profesionalen jarduna sakonago ezagutzeko. Saioan zehar, profesionalak mahaiez mahai aldatu dira, ideia-elkartrukea dinamikoa eta aberasgarria izan dadin.

Ekimen honi esker, haur eta gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen eguneroko lana, eta emakume erreferenteak ikusgai jartzen dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute. 

Honako STEM emakumeek parte hartu dute ekimenean:

  • Naroa Olabarria: Kimikaria da. Orozkoko DTS Oabe laborategian lan egiten du, non ingurumen eta elikadura-osasunerako produktu biozidak fabrikatzen baitituzten.
  • Marielo Urquijo: Fisikaria da. Industria-inguruneetan prestakuntza eta esperientzia zabala du, eta gaur egun Laudioko Avacon ingenieritza-enpresan egiten du lan.
  • Iraide Alloza: Biokimikaria da. EHUko irakaslea da eta ikertzailea ere bai IIS Biobizkaian.
  • Arantza Muguruza: Bioteknologoa da. EHUko irakaslea, Biofisika Institutuko ikertzailea eta Bizilabe sarearen ohiko kolaboratzailea ere bada.

Parekoen topaketako argazki galeria

ELH_RGB_CLAIM.png
Logo-Laudio-Udala-H1-Eskn-Der.png