Laudioko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketan
Saioan, zientzia eta teknologiaren esparru profesionaleko emakumeek beren ibilbidea, eguneroko lana eta lanbidean aurkitzen dituzten erronkak partekatu dituzte gazteekin. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete profesionalei.
Mahai bakoitzean, profesional bat eta gazte-talde bat elkartu dira, eta, dinamika parte-hartzaile baten bidez, ideia-trukea sustatu da. Profesionalek aholkuak eta orientazioa eman dizkiete gazteei, eta gazteek aukera izan dute zientzia eta teknologiaren munduko emakume erreferenteak gertutik ezagutzeko. Saioan, profesionalak mahaiz mahai mugitu dira, elkarrizketa dinamikoa eta aberasgarria izan zedin.
Parekoen Topaketaren bidez, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen lana, eta emakume erreferenteak ikusgai egiten dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute, eta etorkizuneko ikasketa- eta lanbide-aukerei buruz hausnartzeko aukera dute.
Laudion egin den hirugarren edizio honek gazteen talentua sustatzen jarraitzen du, eta ikerketa eta berrikuntza gazteen egunerokoan txertatzeko urrats sendoa da.
Laudioko Bizilabe 2022an jarri zen martxan eskolaz kanpoko programa gisa, eta bertan gazteek zientzia eta teknologia modu praktiko eta esperimentalean lantzen dituzte. Ekimen hau posible da Laudioko erakunde, ikastetxe, enpresa eta familia batzuen arteko elkarlanari esker. Sare-lan horren emaitza da, besteak beste, Parekoen Topaketa.
Horrez gain, Bizilabeko gazteek STEM emakume profesionalen bisitak jasotzen dituzte urtean zehar, eta enpresak bisitatzen dituzte, gertutik ezagutzeko lan-eremuak, haien testuinguruak eta bertako profesionalak.
Ekimen hau gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko urrats bat gehiago da, ikerketa eta berrikuntza beren egunerokoan txertatzen laguntzen baitu.
Ekimen honi esker, haur eta gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen eguneroko lana, eta emakume erreferenteak ikusgai jartzen dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute.
Honako STEM emakumeek parte hartu dute ekimenean:
- Izaskun Guerrero Martinez (Arkitektoa)
- Josebe Fernandez Landa (Erizaina )
- Iraia Fernandez Akarregi (Telekomunikazioko Lanbide-heziketako goi zikloa)
- Sara Alicante Martínez (Biologian lizentziatua eta ikertzailea)
Argazki-galeria: Laudioko Bizilabeko Parekoen Topaketa

