2024/04/25

Laudioko Bizilabeko gazteak zientziaren eta teknologiaren emakume profesionalekin batu dira Parekoen Topaketa ekimenean

Gazteek Bizilaben lantzen ari diren zientzia eta teknologia proiektuak aurkeztu dizkiete emakume profesionalei, eta hauek beren lan jardunetan dituzten erronkez hitz egin diete gazteei.
Laudioko Bizilabeko gazteak zientziaren eta teknologiaren emakume profesionalekin batu dira Parekoen Topaketa ekimenean

Laudioko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako Bizilabe ekimenaren baitan, Parekoen Topaketa ekimena egin da Laudioko Lamuza parkeko kasinoan. Bertan, Laudioko zientziaren eta teknologiaren eremu profesionaleko 5 emakumek eta Bizilabe programako 10-14 urte bitarteko 18 eta besteek eskuartean dituzten proiektuez jardun dira topaketan.

Mahai bakoitzean zientzialari bana eta gazte talde bat egon dira. Lehenik , gazteek Bizilabe programan egiten ari diren proiektuaren berri eman diote profesionalari, eta ostean, emakume profesionalak bere burua aurkeztu eta egiten duen lanaren berri eman die gazteei. Ideiak elkar trukatuta, zientzialariak zenbait iradokizun eta aholku eman dizkie gazteei eta, gazteek zientzialariari galderak eginez,  bere jarduna gehiago ezagutzeko aukera izan dute. Segidan, mahaiez mahai mugitu dira zientzialariak, ideia elkartrukea mahai bakoitzean errepikatuz. Ekimen honi esker, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientziaren eta teknologiaren eremuko profesionalen lana, eremu horietako emakumezkoak ikusarazten da eta gazteek esku artean dituzten proiektuak garatzeko aholkuak jasotzen dituzte.

Bizilabe egitasmoak 2022tik darama martxan Laudion eta horren baitan kokatzen da Parekoen Topaketa ekimena. Bizilabe eskolaz kanpoko jarduera da eta gazteek zientzia eta teknologia lantzen dute bertan. Arlo horiekiko interesa pizteko orduan, eragin handia dute aisialdian egiten diren ekintzek. Ondorioz, Laudioko Udalak eta Elhuyarrek lanean dihardute herriko erakunde desberdinen arteko saretzea gerta dadin (instituzio eta erakundeak, ikastetxeak, enpresak, familiak…), eta, saretze horren emaitza da Parekoen Topaketa.

Parekoen Topaketan parte hartu duten ikertzaileak:

  • Agurtzane Fresno Aranguren (Aceros Inoxidables Olarra)
  • Aitziber Urkijo Luengo (URA Agentzia)
  • Amaia Esquisabel Alegria (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila)
  • Iratxe Riera San Martin (Laudioalde Lanbide Eskola)
  • Eider Nuñez Viadero (Biofisika Institutua)

 

Laudioko Parekoen Topaketako argazki-galeria