Laudioko saltokiek bat egin dute “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
Laudioko Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 13 dendatan, otsailaren 2tik 11ra, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Honela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten.
Gainera, ginkana batean parte hartzeko aukera ere izango da. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa jaitsi eta, dendaz denda, 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dira. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bat erantzun beharko dugu. Honela, saltokiz saltoki 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte. Iaz, herri batzuetan herritarren artean eta ikastetxeetan ginkanak izan zuen arrakasta ikusita, aurten, parte-hartzaileen adinaren araberako zailtasun mailara egokitu dira galderak.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela sei urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Iaz bezala, aurten ere, Laudioz gain, gehiago batu dira “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenera. Guztira, Euskal Herri osoko 16 herritan daude ekimenarekin bat egin duten 400 saltokiak, Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urduliz, hain zuzen.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Laudioko saltoki parte-hartzaileak:
- Indriska
- Calzados Roiz
- Can-can
- Hona centro de estética
- id Arkitektura
- Izpiliku
- Kotoi
- Lur naturdenda
- Memole
- Mokka
- Muñikan
- Nina Life Styling
- Trece13
