2021/10/26

“NI STEM Emakumea”, zientzia eta teknologian diharduten eskualdeko emakumeen erakusketa ibiltaria, abiatu da

Erakusketa ibiltariaren helburua gazteei zientzia eta teknologian lan egiten duten eskualdeko emakume erreferenteak aurkeztea da.
“NI STEM Emakumea”, zientzia eta teknologian diharduten eskualdeko emakumeen erakusketa ibiltaria, abiatu da

“NI STEAM Emakumea” erakusketa inauguratu da Galdakaon. Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko hamar udalerrik Elhuyarrekin batera sinatutako hitzarmenaren barruko ekimena da, eta eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea du helburu. Bertan izan dira ekimen honen antolatzaileak: Iñigo Hernando Arriandiaga, Galdakaoko alkatea, Amets Iturbe Bustillo, Galdakaoko Gazteria zinegotzia, Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyar STEAM Hezkuntzako koordinatzailea eta erakusketan parte hartu duten STEM emakumeak.

Erakusketa ibiltaria da, Nerbioi-Ibaizabal eskualdean lan egiten duten edo bizi diren  eta zientzia eta teknologia arloan lan egiten duten hamaika emakumeren ilustrazio eta testuez osatua. Datozen aste eta hilabeteetan zehar, eskualdeko hamar udalerritatik igaroko da. Amets Iturbe Bustillo Galdakaoko Gazteria zinegotziak azaldu duenez, zientzia eta teknologia ikasketekiko interesa pizteko, garrantzitsua da erreferente errealak aurkeztea eta eskualdean egiten den lan-jarduera ezagutaraztea. Hori da erakusketa honen helburua.

Lanketa honetan, komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela gaineratu du Amets Iturbek: udalak, Elhuyar, herriko beste eragileak, ikastetxeak eta enpresak. Eskerrak eman dizkie erakusketa honetan parte hartu duten enpresa eta emakumeei: Barbara San Pedro Abalia (Cementos Rezola), Estibaliz Apellaniz Ingunza (Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saila), Gotzone Aranaga Olarieta eta Rosalía Torres Ratón (Artadi Arkitektura), Irene Gallardo Gómez (Virtualware), Marta Cagigas Martínez (ArcelorMittal), Nadia López Ruiz, Olatza Etxeberria Olabarria eta Mar Garrote Calvo (Maskilu kontserbak), Natalia García Alfonso (Bridgestone) eta Zuriñe García García (Andra Mari Jatetxea).

Natalia García Alfonsok, Bridgestoneren Basauriko plantako Goi Mailako Ingeniari Mekanikoak, STEMen erreferente diren emakumeen presentziaren garrantzia azpimarratu du, eta aitortu du bere ibilbidean zehar ez duela emakume erreferente gehiegi izan. Halaber, azpimarratu du beharrezkoa dela horrelako proiektuak sustatzea, gazteei bidea irekitzeko eta lanbide mota horiek eskaintzen dizkieten aukera ugariak ikusteko. Hurrengo urteetan arlo horretan aldaketa bat ikusiko dela espero du, eta gero eta emakume gehiago egotea hainbat industria-eremutan lidergo-lanetan.

Eraskusketako horma-irudiak, STEM emakumeei egindako elkarrizketak eta erakusketa ibiltariaren egutegia "NI STEM Emakumea" atari berezian bildu dira. 

Ilustratzailea: Pernan Goñi Olalde