2020/02/17

Zientzia, teknologia eta festa uztartu ditu Bizilabe STEAM Festibalak Basaurin

Arrakasta handiz ospatu da “Bizilabe STEAM Festibala”, gazteentzako zientzia eta teknologia jaialdia, asteburu honetan Basaurin. Ehunka lagun hurbildu dira tailer, ginkana-zientifiko, Escape-Room edota Lorea Argarate eta ikasleen DJ saiora.
Zientzia, teknologia eta festa uztartu ditu Bizilabe STEAM Festibalak Basaurin

Larunbatean, otsailaren 15ean, ospatu zen Basaurin Bizilabe STEAM Festibala, Bizkaiko Forua Aldundiaren babesaz eta Nerbioi-Ibaizabaleko Udalen eta Elhuyarren lankidetzaz.

Urrian abiatu zen Bizilabe Nerbioi Ibaizabal-en lehen tailerren amaiera-jaia izan da honakoa. 9 zientzia eta teknologia tailer egin dira Nerbioi-Ibaizabaleko zazpi herritan eta bertan ikertzaileen eskutik ikasitakoa aurkeztu dute jaialdian gazteek, ikertzaileekin batera. 

Zientzia eta teknologia tailerrei dagokionean, marrazketa-zientifikoan aritzeko, energia-esperimentuak egin eta ulertzeko edota berrerabilitako materialez gailu berriak sortzeko aukera egon da. Lightpainting-a, ordea, karpa beltz baten barruan egin da, argia eta argazki kameren jokoaren bidez irudi ikusgarriak sortu dituzte horrela bertaratuek. Escape-Room-ak arrakasta handia izan du, toki guztiak beteta, arratsalde osoan zehar igaro dira bertaratuak karpatik. Denek lortu dute irtetea! Digitalizazioaren gunea ere izan da. Hauetan mugikorretarako aplikazioak sortzeko aukera egon da edota DJ munduan lehen pausuak emateko.

18.00etan, ordea, 60 lagunek parte hartu dute gazteek gidatutako ginkana-zientifikoan, eta, amaieran, denen artean eraiki dute STEAM puzlea. 

Azkenik, 20.00etan bertaratutakoen artean lightpainting masiboa egin da eta Lorea Argarate telekomunikazio-ingeniari eta DJak eman dio amaiera festari, berarekin DJ tailerrean hilabete hauetan aritu diren gazteekin batera. 

 

Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntzarekin egina (FECYT)

Babesleak:

          

Eusko Jaurlaritza