Otsailak 11 - 2021

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna - 2021

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea lortzeko.

Bizilabek urte osoan egiten du lan neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten, eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jarri eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko. Eta egun honi lotuta, halaber, hainbat jarduera egin ditugu, Bizilaberen webguneko atal honetan bildu ditugunak.

12 emakume zientzialariren horma-irudiak (egin klik hemen ikusteko)

Ezkerreko zutabean “Emakumeak” atalean klik eginez gero, 12 emakume zientzialariren horma-irudiak topatuko dituzu. Emakume bakoitzaren horma-irudia deskargatu ahal izango duzu. Baita haren istorioa irakurri ere.

Ibilbideak (egin klik hemen ikusteko)

Egun honen harira, hainbat saltokik “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartu dute. Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko 78 saltokik hain zuzen. Emakume zientzialariaren ikerketan inspiratuta apainduko dute euren erakusleihoa. Horrela, merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtu dira.

Ibilbideak atalean, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartu duten saltokiak mapan kokatuta agertzen dira. Horietako bakoitzean, erakusleihoaren argazkia eta omendu duten emakumea ikusteko aukera duzu. Baita ikertzailearen omenez Bizilabeko gazteek egin duten esperimenturako esteka ere. 

Esperimentuak (egin klik hemen ikusteko)

Esperimentuak atalean, Bizilabeko gazteek egindako bideoak ikus ditzakezu. Aipatutako 12 emakumeen istorioa aurkeztu, eta bakoitzaren ikerketa-gaiarekin zerikusia duen esperimentu bat egin dute. Gainera, esperimentu horiek egiteko gonbita luzatu dute, eta behar diren materialak eta pausoak ongi azaldu.

Saltokiak (egin klik hemen ikusteko)

Azkenik, saltoki parte-hartzaileak atalean, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean parte hartu duten saltokiak eta erakusleihoen argazkiak ikusiko dituzu, herriz herri banatuta. Baita herri bakoitzerako egin diren kartela eta diptikoa ere.