10-Teresa del Valle Murga

Donostia, 1937

Gizarte-antropologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologiako katedradun emeritua, Antropologia Feministaren aitzindaria da Euskal Herrian.

Donostian jaio zen, gerra garaian, eta Bilbon egin zituen lehen ikasketak, Berrizko Mesedeetako Misiolarien Vera Cruz ikastetxean. Hein batean, Teresa del Vallek bizian egin duen bidea markatu zuten Berrizko misiolariek, haien artean zela jaso baitzituen lehenbizikoz Pazifiko aldeko ohitura, erritu eta kulturen gaineko berriak. Hogeita bat urte zituela, kongregazioko kide egin zen, Mikronesiako misioetan, irakasle lana egiteko asmotan.

Erbestean egin zituen unibertsitate-ikasketak: AEBetan, Historiakoak; Hawain, Antropologiakoak. Hain zuzen, Hawaiko Unibertsitatean doktoratu zen Antropologian, Mikronesiako kulturak ikergai harturik. Euskal Herrira itzulirik, Geografia eta Historian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean eta Doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitatean erdietsi zuen, Geografia eta Historian. Joan-etorriek inoiz etenik izan ez badute ere, Euskal Herriko Unibertsitateari lotuta egon da Del Valle geroztik.

Antropologia Soziala irakasten hasi zenetik, gogotik lan egin zuen diziplina hori unibertsitatean ezartzeko, eta Antropologia Sozialeko lehen katedra lortu zuen UPV/EHUn. Irakaskuntza eta ikerkuntza uztartu izan ditu beti bere ibili akademikoan. Antropologia Sozialaren arloan zein Antropologia Feministarenean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-harremanak, errituak eta aldaketa soziala ikertu ditu, bestak beste, Euskal Herrian zein Mikronesian.

Argitalpen askoren egilea da: Mujer vasca. Imagen y realidad (1985), Culturas oceánicas: Micronesia (1987), Korrika Basque ritual for Ethnic Identity (1993)…

2010ean, Emakunderen Berdintasun Saria jaso zuen, emakumearen errealitatea ikertzen eta zabaltzen egindako lanarengatik.

Zer da antropologia soziala edo gizarte-antropologia? Giza esperientzia eta haren dibertsitatea aztertzen ditu, denboran eta espazioan, eta, horrez gainera, gaur egungo gizarte-gertaerak, hala nola desberdintasun sozioekonomikoak; identitate etnikoak, klaseak, generoak, erlijioak eta adina; immigrazioa eta gizarte politikak; herri-kulturaren eta kultura tradizionalaren adierazpen konplexuak, eta gizarte- eta kultura-aldaketako egoeren ondorioak.

 

Teresa del Valle Murgari buruz gehiago jakiteko:

·        Solasaldiak. Teresa del Valle Murga.

·        Teresa del Valle: “Soy mujer y como tal me indigna cuando esa condición me quita oportunidades” (El Diario Vasco).

 

Deskargatu irudia hemen klik eginda