2019/12/04

Abian da BIZILABE Soraluze!

Urte berriarekin batera abiatuko da BIZILABE Soraluzen. Elhuyarrek Soraluzeko Udalarekin batera martxan jarri du ekimena Soraluze BHI institutuan. Urtarriletik aurrera zientzia eta teknologia proiektuak garatuko dituzte DBH 1 eta 2ko gazteek.
Abian da BIZILABE Soraluze!

Urte berriarekin batera Soraluzen ere Bizilabe proiektua martxan jarriko da. Elhuyarrek Soraluzeko Udalarekin batera landutako egitasmoan Soraluze BHI-ko DBH 1 eta 2ko gazteek hartuko dute parte. Honela, Hauspoa proiektuaren baitan, ostegunero, 15.00etatik 16.30etara, zientzia eta teknologia proiektuak garatuko dituzte institutuan bertan ikertzaile profesional baten gidaritzapean.

Soraluzeko Bizilabe saioetan zehar, Soraluzeko gazteek STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) edukiak era ludiko eta dibertigarrian landuko dituzte. Diziplina desberdinetako esperimentu eta proiektutxoak egiteaz gain,  proiektu zientifiko-teknologiko bat garatuko dute. Lehen asteetan jaso duten STEAM eduki aniztasun hori baliagarri izango zaie zer duten gustuko jakin eta horren araberako proiektu gaia aukeratzeko. Taldeka proiektu oso bat garatuko dute, horretarako jarraitu beharreko pausuak ezagutuz. Bide honetan zehar,  zientzia eta teknologia eremuetan lan egiten duten bailarako profesionalak ezagutzeko aukera izango dute gainera.

Garatzen dituzten proiektu hauek herrian bertan erakutsi ahal izango dituzte horretarako antolatuko den Azokan. Izan ere, oso garrantzitsua da Bizilabe Komunitatea sortzea. Hau da, herrian senide, lagun eta herritarrekin batera ekimenak sortzea. Beraz, urtean zehar beste zenbait  Bizilabe ekintza antolatuko dira: azokak, ginkanak, jaialdiak, etab.

Soraluzen martxan jarriko den Bizilabe, eskualde mailako proiektuaren parte izango da. Izan ere, 2019ean zehar, Elhuyar eta Udalen elkarlanaren eta Danobat Group-en babesari esker, Ermua eta Elgoibarren ikerketa-zentro bana jarri da martxan eta Elhuyar, gainerako eskualdeko herrietan lanketa egiten ari da Bizilabe ekintzak egin eta zentro gehiago irekitzeko.

*Izen-emateak Soraluze BHI-n bertan egingo dira.

 

Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntzarekin egina (FECYT)

Babesleak:

            

Eusko Jaurlaritza
Danobatgroup_2021
Soraluze BHI