2020/01/17

Hasi da Bizilabe Soraluze!

Aste honetan abiatu da Bizilabe Soraluzen. Orain hasi eta ekainera bitarte, Soraluze BHI-ko DBH1 eta 2ko gazteek zientzia eta teknologia proiektuak garatuko dituzte institutuan bertan.  Ostegunero bilduko dira, 15.00etatik 16.30etara.
Hasi da Bizilabe Soraluze!

Bizilabe saioetan zehar, Soraluzeko gazteek STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) edukiak era ludiko eta dibertigarrian landuko dituzte. Diziplina desberdinetako esperimentu eta proiektutxoak egiteaz gain,  proiektu zientifiko-teknologiko bat garatuko dute. Lehen asteetan jaso duten STEAM eduki aniztasun hori baliagarri izango zaie zer duten gustuko jakin eta horren araberako proiektu gaia aukeratzeko. Taldeka proiektu oso bat garatuko dute, horretarako jarraitu beharreko pausuak ezagutuz. Bide honetan zehar,  zientzia eta teknologia eremuetan lan egiten duten bailarako profesionalak ezagutzeko aukera izango dute gainera.

Garatzen dituzten proiektu hauek herrian bertan erakutsi ahal izango dituzte horretarako antolatuko den Azokan. Honela, Bizilabe kalera irten eta  senide, lagun eta herritarrekin batera ekimenak gauzatuko dira. Besteak beste, laster, otsailaren 11ren harira - neska eta emakume ikerlarien Nazioarteko Eguna-  hainbat ekintza egingo dira.  Laster emango dugu horren berri.

 

Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntzarekin egina (FECYT)

Babesleak:

            

Eusko Jaurlaritza
Danobatgroup_2021
Soraluze BHI