2021/06/18

Bizilabeko gazteek zientzia-proiektuak aurkeztu dituzte Tolosan

Bizilabe aisialdi-eskaintzan ikasturtean zehar egindako zientzia- eta teknologia-lanak aurkeztu dizkiete 10-14 urte bitarteko gazteek guraso eta lagunei
Bizilabeko gazteek zientzia-proiektuak aurkeztu dituzte Tolosan

Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek sustaturiko Bizilabe Tolosaldea 2020-2021 ikasturtea amaierara iritsi da. Hori dela eta ekitaldia egin da ekainaren 17an Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan. Bizilabeko 10-14 urte bitarteko gazteek urtean zehar egindako zientzia- eta teknologia-esperimentu eta proiektuak aurkeztu dituzte guraso, lagun eta agintarien aurrean.

Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabal Ormazabalek eta Elhuyarreko Leire Ferro Leturiak eman diete ongietorria bertaratuei. Segidan, Saioa Aramburu Echezarretak, Bizilabeko gidariak, urtean zehar egindakoa azaldu die. Ondoren, gazteek, taldeka aurkeztu dituzte proiektu eta esperimentuak: ihes-gela, mikroskopioa, koloretako planetak, 3D betaurrekoak, arduino plakez irekitzen diren kutxak, itsasontziak, etab. Estatuko zein nazioarteko ikerketek erakusten dute, halako bizipenek garrantzia handia dutela, hainbat zeharkako konpetentzia lantzearekin batera, zientzia eta teknologiarako bokazioa pizten laguntzen baitute.

Senideek ez ezik, Begoña Tolosak, Tolosako Ogasun zinegotziak, Olatz Peon Ormazabalek, Tolosako alkateak, Amagoia Agirrek, Amasa-Villabonako Hezkuntza zinegotziak, eta Iñaki Pakeak, Tolosaldea Insitutuko zuzendariak ere arretaz entzun dituzte gazteen azalpenak.

Ekitaldiari amaiera emateko, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan kokatzen den Domotek enpresan bisita gidatua jaso dute bertaratuek. Koldo Artolaren azalpenen bidez, martxan dituzten hainbat proiektu ezagutu dituzte eta bertako langileekin gertuko harremana izan dute. Bizilaberen helburuekin bat dator, izan ere, zientzia- eta teknologia-bokazioak pizteko, garrantzitsua da eskualdeko jarduna eta bertako langileak ezagutzea.

Hemen argazki galeria.

Eusko Jaurlaritza
Tolosaldea Lanbide Heziketa-2