2022/05/27

Bizilabeko gazteek zientzia-proiektuak aurkeztu dituzte Tolosan eta Zizurkilen

Bizilabe aisialdi-eskaintzan ikasturtean zehar egindako zientzia- eta teknologia-lanak aurkeztu dizkiete gazteek guraso eta lagunei, baita bertara hurbildutako agintariei ere.
Bizilabeko gazteek zientzia-proiektuak aurkeztu dituzte Tolosan eta Zizurkilen

Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek sustaturiko Bizilabe Tolosaldea 2021-2022 ikasturtea amaierara iritsi da. Hori dela eta, bi ekitaldi egin dira berriki Bizilabek Tolosaldean dituen zentroetan: Zizurkilgo Gaztezulon maiatzaren 24an, eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan maiatzaren 26an. Bizilabeko 10-14 urte bitarteko gazteek urtean zehar egindako zientzia- eta teknologia-esperimentu eta proiektuak aurkeztu dituzte guraso, lagun eta agintarien aurrean.

Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabal Ormazabalek eta Elhuyarreko Edurne Gaston Estangak eman zieten ongietorria bertaratuei. Segidan, Saioa Aramburu Echezarretak, Bizilabeko gidariak, urtean zehar egindakoa azaldu zien. Ondoren, gazteek, taldeka aurkeztu zituzten proiektu eta esperimentuak: errealitate birtualeko betaurrekoak, plastilina eroalea, zianotipia, kristalizazioak, energia maketak, dirua sailkatzen duen makina, etab. Estatuko zein nazioarteko ikerketek erakusten dutenez, halako bizipenek garrantzia eta eragin handia dute gazteengan; hainbat zeharkako konpetentzia lantzearekin batera, zientzia eta teknologiarako bokazioa pizten laguntzen baitute.

Senideek ez ezik, Iker Urruzola Aizpuruak, Zizurkilgo alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, Beatriz Unzue Esnaolak, Amasa-Villabonako alkateak, eta Iñaki Pakeak, Tolosaldea Insitutuko zuzendariak, ere arretaz entzun dituzte gazteen azalpenak.

Hemen ekitaldietako argazkiak

Elhuyar Zientzia Azoka Bilbon

Eskualdeko ekitaldiez haratago, aurten, lehen aldiz, Bizilabe sare osoaren ikasturte-amaierako festan ere parte hartuko dute Tolosaldeko gazteek, Euskal Herriko beste zenbait herritako gazteekin batera. Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioaren baitan zientzia-proiektuen erakusketa egingo da ekainaren 2tik 5era Bilboko Areatzan, eta bertan hartuko dute parte Tolosaldea (Zizurkil eta Tolosa), Elgoibar, Soraluze eta Bilboko Bizilabe zentroetako gazteek, ikasturtean landutako gaiak publikoki erakutsiz. Ekainaren 5ean, Bizilabeko gazteen STEAM proiektuez gain, ginkana, tailerrak eta zientzia-ikuskizunak ere izango dira.

 

        

ZORIONAK EGINIKO LANAGATIK!

Eusko Jaurlaritza
Tolosaldea Lanbide Heziketa-2