2021/02/05

Tolosaldea Garatzen agentziak eta Elhuyarrek Tolosaldeko gazteen STEAM diagnosia eta Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte

Eskualdeko DBHko 3. eta 4. mailako 574 gaztek hartu dute parte galdetegian. Emaitzak argi erakutsi duenez, neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa erakutsi dute. Egoerari buelta emateko Tolosaldea Garatzen eta Elhuyarrek sustaturiko Bizilabe Tolosaldea ekimena jaio da, gazteek zientzia eta teknologiako ekintzak egiteko aisialdi-eskaintza.
Tolosaldea Garatzen agentziak eta Elhuyarrek Tolosaldeko gazteen STEAM diagnosia eta Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte

 

Tolosaldea LHko Ikastetxe Integratuan egin da aurkezpena, eta bertan izan dira Iker Urruzola Aizpurua, Tolosaldea Garatzeneko Lehendakaria, Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia Unitateko zuzendaria, Aitziber Lasa Iglesias Elhuyar STEAM hezkuntzako zuzendaria eta Iñaki Pakea Arsuaga, Tolosaldea LHko Ikastetxe Integratuko zuzendaria eta Joseba Amondarain, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria.

Gaur aurkeztu den STEAM arloko gaien eta lanbideen inguruko galdetegiari DBHko 3. eta 4. mailako 574 gaztek erantzun diote. Parte-hartzaileen % 48,6 neskak izan dira, % 47,9 mutilak eta % 3,5 ez-bitarrak. Honako ikastetxe hauetatik jaso dira erantzunak: Anoetako Herri Ikastola, Aralar Institutua, Herrikide Ikastetxea, Laskorain Ikastola, Orixe Ikastola, Uzturpe Ikastola eta Zubimusu Ikastola.

    

Galdetegian, zientziaren eta teknologiaren alorrekiko interesa eta haiei lotutako lanpostuetan lan egiteko izan dezaketen asmoaz ez ezik, eskualdeko lan-jardueraren inguruan ere galdetu zaie. Aitziber Lasa Iglesiasek, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradunak, aurkeztu ditu galdetegiaren emaitzen ondorio nagusiak:

  • Genero-estereotipo tradizionalek gazteek gaiekiko duten interesean eragina dutela esan daiteke: neskek interes handiagoa erakusten dute gai desberdin ugaritan, eta mutilen interesa askoz ere fokalizatuagoa dago.
  • Genero-estereotipoek indarra dute etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan ere. Neskek osasun-zientziekin eta irakaskuntzarekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat; eta mutilek, berriz, teknologiari lotutako gaiak.
  • Ikasgaiekiko interes-maila baxua da oro har. Neskek biologian eta kimikan dute interesik handiena; mutilek, aldiz, teknologian eta informatikan.
  • STEM profesionalak pertsona langileak, jakintsuak, argiak, pazientzia handikoak eta sortzaileak direla uste dute gazteek. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira.
  • Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila desberdina hautematen dute: mutilek % 45ek, neskek % 25ek eta ez-bitarrek % 20.
  • STEM profesionalen bizimoduari buruz oso ikuspuntu desberdina dute neskek eta mutilek, eta mutilak dira STEM profesionalen bizimodua hobetoen baloratu dutenak eta etorkizunean STEM arloan lan egiteko interes handiena azaldu dutenak.
  • Orokorrean, zientzian eta teknologian jarduten duten emakume eta gizonen arteko lan-baldintzak desberdinak direla uste dute gazteek, baina eskualde mailako ikuspuntua baikorragoa da eta ez dituzte desberdintasunak hainbeste nabarmentzen.
  • Gazteen erdiek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta eskualdeko industrian lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen dituzten hainbat gazte, neskak zein mutilak.

Oro har, diagnosiaren emaitzek erakusten dute Tolosaldea eskualdeko STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela, eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela ere bai.

Bizilabe Tolosaldea ekimena

Eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzeko eta, aldi berean, eskualdeko lan-jarduera gazteenei hobeto ezagutarazteko asmoz jaio da Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintza 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldeko udalen eta Tolosaldea Garatzenen eta Elhuyarren eskutik. Zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko ditu Bizilabek gazteentzat.

Eskualdeko bi hirigune nagusietan ireki dira Bizilabe zentroak; Tolosan eta Villabonan, alegia. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak berritu berri dituen instalazioetan gauzatuko dira ekintzak (ostegunetan), eta, Villabonako kasuan, Gaztelekuan egingo dira (astearteetan). Bietan eskaintza bera izango da.

    

Hemen daude aurkezpeneko argazki gehiago eta hemen diagnostikoaren emaitzaren txostena.

Eusko Jaurlaritza
Tolosaldea Lanbide Heziketa-2