2022/03/16

Laudioko Udalak eta Elhuyarrek Laudioko gazteen STEAM diagnosia eta Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte

Herriko DBHko 3. eta 4. mailako 179 gaztek parte hartu dute galdetegian, eta emaitzen arabera, neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa erakutsi dute. Egoerari buelta emateko, Laudioko Udalak eta Elhuyarrek Bizilabe Laudio ekimena jarri dute martxan, zientzia eta teknologiako ekintzak egiteko aisialdi-eskaintza bat, gazteei zuzendua.
Laudioko Udalak eta Elhuyarrek Laudioko gazteen STEAM diagnosia eta Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte

 

Laudioko gazteen STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) diagnosia eta haren emaitzei aurre egiteko Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte gaur Laudioko Udalak eta Elhuyarrek. Bertan izan dira Ander Añibarro, Laudioko alkatea; Loli Muriel, Laudioko Gizarte Garapen, Berdintasun zinegotzia; eta Garazi Andonegi, Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea.

STEAM arloko gaien eta lanbideen inguruko galdetegiari DBHko 3. eta 4. mailako 179 gaztek erantzun diote. Parte-hartzaileen % 39,1 neskak izan dira eta % 49,7 mutilak. Laudioko Ikastolatik, eta Laudio BHI eta La Milagrosa ikastetxeetatik jaso dira erantzunak.

Galdetegian, zientziaren eta teknologiaren alorrekiko interesa eta haiei lotutako lanpostuetan lan egiteko asmoaz ez ezik, eskualdeko lan-jarduerez ere galdetu zaie ikasleei. Hauek galdetegiaren emaitzen ondorio nagusiak:

  • Genero-estereotipo tradizionalek eragina dute gazteek gaiekiko duten interesetan. Oro har, nesken interesetan toki txikia hartzen dute zientziak eta teknologiak; mutilen interesetan, ordea, handia.
  • Genero-estereotipoek indarra dute etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan ere. Neskek osasun-zientziekin eta irakaskuntzarekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat; eta mutilek, berriz, teknologiari lotutakoak.
  • Ikasgaiekiko interes-maila baxua da, oro har. Neskek Biologian eta Hizkuntza eta Literaturan dute interesik handiena; mutilek, berriz, Informatikan eta Teknologian.
  • STEM profesionalak pertsona langileak, jakintsuak, argiak eta pazientzia handikoak direla uste dute gazteek. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira. Lanpostu horietan lan egitea ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zailarekin lotu ohi dute gazte askok, eta, ondorioz, handitu egiten dira bestelako ikasketak hautatzeko aukerak.
  • Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek ez diote gaitasun-maila bera aitortzen beren buruari: mutilen % 49,4k eta nesken % 34,3k ikusten dute beren burua sektore horretan lanean.
  • STEM profesionalen bizimoduari buruz oso ikuspuntu desberdina dute neskek eta mutilek, eta mutilak dira STEM profesionalen bizimodua hoberen baloratu dutenak eta etorkizunean STEM arloan lan egiteko interes handiena azaldu dutenak.
  • Oro har, zientzian eta teknologian jarduten duten emakume eta gizonen arteko lan-baldintzak desberdinak direla uste dute gazteek; eskualde-mailako ikuspuntua, ordea, baikorragoa da, eta ez dituzte hainbeste nabarmentzen desberdintasunak.
  • Gazteen % 30ek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta eskualdeko industrian lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen dituzten gazte batzuk, neskak zein mutilak.

Oro har, diagnosiaren emaitzek erakusten dute Laudioko STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela. Galdetegiaren emaitzak “Laudioko STEAM diagnosia” ikus-entzunezkoan laburbildu dira.

Bizilabe Laudio ekimena

Herriko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzeko eta, aldi berean, herriko eta, oro har, eskualdeko lan-jarduera gazteenei hobeto ezagutarazteko asmoz jaioko da Bizilabe Laudio aisialdi-eskaintza 2022-2023 ikasturtean, Laudioko Udalaren eta Elhuyarren eskutik. Horrez gain, Laudioko proiektua abiatzeko, zenbait ekintza antolatuko dituzte apirilean eta uztailean 2022-2023 ikasturtetik aurrera Gaztelekuan irekiko den Bizilabe zentroan. Hartara, zientzia eta teknologiarekin lotutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko ditu aurten Bizilabek gazteentzat.

Bizilabe 2017tik martxan dagoen ekimena dela. Gazteentzako ikerketa-zentroen sare bat da, eta dagoeneko Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan, Debebarreneko herrietan eta Tolosaldean du eskaintza.

Laudioko gazteekin egindako diagnostikoaren emaitzak txosten honetan daude jasota.