2024/05/30

Laudioko Bizilabeko gazteek euren proiektuak erakutsi dituzte

Ikasturtean zehar egindako 6 zientzia- eta teknologia-proiektu aurkeztu dizkiete bertaratu diren senitarteko, lagun eta herritarrei.
Laudioko Bizilabeko gazteek euren proiektuak erakutsi dituzte

Ikasturteari amaiera emateko, Elhuyarrek eta Laudioko Udalak sustatutako Bizilabe aisialdi-jarduerako gazteek zientzia- eta teknologia-proiektuak aurkeztu dizkiete senitarteko, lagun eta herritarrei Laudioko Gaztelekuan.

Guztira 6 proiektu aurkeztu dituzte.

  1. Errealitate birtualeko betaurrekoak: etxeko materialak erabiliz (kartoia, belkroa, lupen lenteak…), errealitate birtualeko betaurrekoak eraiki dituzte gazteek proiektu honetan. Errealitate birtuala itxura errealeko eszena eta objektuen ingurune bat da —teknologia informatikoaren bidez sortua—, eta bertan murgilduta egotearen sentsazioa sortzen dio erabiltzaileari.

Taldekideak: Luar Vara, June Ortiz eta Libe Elordui.

  1. Dance Dance Revolution: proiektu honetan Scratch programa eta Makey Makey plaka erabili dituzte gazteek. Osagai hauekin erabiliz, Dance Dance Revolution jokoa sortu dute eta, horretarako, zirkuitu elektriko bat eraiki behar izan dute.

Taldekideak: Anjana Rivas, Markel Fernandez eta Mikel Viñuela.

  1. Kristalizazioak: Bi motatako kristalizazioak egin dituzte Bizilabeko gazteek: kobre sulfatozko kristalak eta geoda arrautzak.

Taldekideak: Josune Gumiel, Iñigo Zubiaurre eta Aimar Cid.

  1. Pilota saltokariak: pilota saltokariak egiteko errezeta onena aurkitzen saiatu dira gazteak. Horretarako, pilotak egiteko errezeta ezberdinak probatu dituzte eta denen artean salto handiena zeinek ahalbidetu duen frogatu dute.

Taldekideak: Markel Garcia, Eliana Bui eta Adrian Redondo.

  1. Xurgagailua: etxean izan ditzakegun materialak erabiliz, xurgagailu bat egin dute. Bizilabe Laudiko gazteek Bilbon egin berri den Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dute proiektu honekin.

Taldekideak: Jon Bengoa eta Haimar Fernandezek, Brais de la Cruz-en laguntzarekin.

  1. Itsuentzako makila: arduinoa erabiliz, itsuei oztopoak non dauden abisatuko dien makila bat sortu dute. Bizilabe Laudiko gazteek Bilbon egin berri den Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dute proiektu honekin.

Taldekideak: Izaro Ortiz eta Darya Enina, Ayman Idrissi-ren laguntzarekin

Laudioko Bizilabeko 2023-2024 ikastutean zehar, 10-14 urte bitarteko 23 gaztek hartu dute parte; 7 neska eta 16 mutil. Saioa Aranburu Bizilabeko gidariak aipatu duenez, gazteek zientzia eta teknologian interes handia erakutsi dute eta Bizilabeko saioetara gogotsu etorri dira. Bizilaberen helburuetako bat bizipenak eta komunitatea dira. Hori dela eta, proiektuak egiteaz gain, ikertzaile profesionalekin egin den Parekoen Topaketa ekimenari esker, euren eguneroko lanaren berri izan dutela eta zientzia eta teknologia arloetako erreferente errealak ezagutu dituztela azpimarratu du. Bide beretik, irteeren bidez, herriko eta inguruko zientzia eta teknologia arloetako errealitatea ezagutzeko aukera izan dute. “Gure familia kideek, bizilagunek eta ezagunek lana egiten duten lekuak ikusi eta enpresa hauen inguruan gehiago ikasteko aukera izaten dute; halako bizipenek eragin handia dute gazteengan”.

2024-2025 ikasturterako izen-ematea zabalik

Dagoeneko zabalik da datorren ikasturterako izen-ematea.  2024ko urritik 2025eko maiatzera, asteazkenero izango dute 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak egiteko aukera, Laudioko Gaztelekuan. Ordutegia:

  • LH 5-6: 16:30-18:00
  • DBH 1-2: 18:00-19:30

Izen-emateak  Bizilaberen webgunean bertan egingo dira, ekainaren 14a baino lehenago. Ordutik aurrera, plaza libreak baleude, izen-emate epeak zabalik jarraituko du.

Izen-ematea eta informazioa: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/laudio/tailerrak/izan-ikertzaile-asmatzaile-2024-2025-ikasturteko-tailerra

 

Laudioko Bizilabe Eguneko argazki-galeria