Elgoibarko 26 saltokik bat egin dute “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 26 dendatan. Ekimena otsailaren 3tik 11ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Horrela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Gainera, Egur Arte eta Ane Arten tailerretako haurrek lagundu diete dendariei erakusleihoa apaintzen. Aurten, Euskal Herri osoko 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan.
Horrez gain, herritarrek, haur zein heldu, ginkana batean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, 12 emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeren QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte. Gainera, herriko ikastetxeetan, ludotekan eta gaztelekuan ere jarriko dira horma-irudiak, haur eta gazteek ginkanan parte har dezaten.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela bost urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aurten, Euskal Herri osoko 12 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera: Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Elgoibarko saltoki parte-hartzaileak:
- Agurtzane ileapandegia
- Alire estetika
- Aramburu bitxidenda
- Astigarraga gys sport
- Barrutia optika
- Cristina Garcia. Estetika eta terapia naturalak
- Darama denda- tailerra
- Ecenarro
- Eizaguirre Okindegia
- Farmazabal
- Henko
- Herbolario surya belardenda
- Idama Ileapaindegia
- Iriondo Kirolak
- KARKIZANO
- Maria Urizar ileapaindegia
- MGS ASEGURUAK
- Olaia Martínez estetika zentroa
- Peluquería Leire
- Peluquería Meraki
- Pescaderia La bermeana
- Pitxintxu
- Roteta elektrizitatea S.L
- Textil - Colchoneria Lagunak
- Txillarre ekodenda
- Uzuri Optika