Abanto-Zierbenakoko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketa ekimenean
Abanto-Zierbenako Meatzaldeko Ekoetxean egin den Parekoen Topaketa ekimenaren bidez, zientzia eta teknologiaren arloko emakumezko profesionalak Bizilabe programan parte hartzen duten haur eta gazteak parez pare jarri dira. Bertan, 5 emakume profesionalek beren eguneroko esperientziak eta erronkak partekatu dituzte, 10 eta 14 urte bitarteko 15 gazterekin, eta azken horiek beren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete emakumezko profesionalei.
Abato-Zierbenako Udalak eta Elhuyarrek sustatutako ekimen honetan, gazte eta profesionalen arteko elkarrizketa zuzena bultzatu da. Mahai bakoitzean zientzia eta teknologiaren esparru profesionaleko emakume bat eta gazte-talde bat elkartu dira. Lehenik, emakume profesionalek beren burua aurkeztu eta egiten duten lanaren berri eman diete gazteei. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren proiektuen berri eman diete profesionalei. Elkarrizketaren bidez, profesionalek aholkuak eta iradokizunak eskaini dizkiete gazteei, eta, aldi berean, gazteek aukera izan dute emakume profesionalen jarduna sakonago ezagutzeko. Saioan zehar, profesionalak mahaiez mahai aldatu dira, ideia-elkartrukea dinamikoa eta aberasgarria izan dadin.
Ekimen honi esker, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen eguneroko lana, eta emakume erreferenteak ikusgai jartzen dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute. Abanto-Zierbenan egiten den lehenengo aldia da, eta gazteen talentua sustatzen laguntzen du ekimenak.
Abanto-Zierbenako Bizilabe 2022an jarri zen martxan eskolaz kanpoko programa gisa, eta bertan gazteek zientzia eta teknologia modu praktiko eta esperimentalean lantzen dituzte. Ekimen hau posible da Abanto-Zierbenako erakunde, ikastetxe, enpresa eta familia batzuen arteko elkarlanari esker. Sare-lan horren emaitza da, besteak beste, Parekoen Topaketa.
Ekimen hau gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko urrats bat gehiago da, ikerketa eta berrikuntza beren egunerokoan txertatzen lagunduz.
Parekoen Topaketan parte hartu duten STEM profesionalak:
- Ane Cobos Anbuhl (Medikuntzan lizentziatua)
- Estibaliz Tapia Gallastegi (Farmazian eta biokimikan lizentziatua)
- Andrea Izagirre Apilanez (Anatomia patologikoko eta zitologiako goi-mailako teknikaria)
- Raquel Esteban Terradillos (Biologian doktorea. EHUko irakaslea eta ikertzailea)
- Eider Nuñez Viadero (Biologian doktorea. EHUko irakaslea eta ikertzailea)
Argazki-galeria: Abanto-Zierbenako Parekoen Topaketa

