2024/05/28

Zientzia jarduerez betetako arratsaldeak eman dio amaiera Bizilabe 2023-2024 ikasturteari

Ikasturtean zehar egindako zientzia- eta teknologia-proiektuak erakutsi dituzte Bizilabeko gazteek eta Las Carreraseko jaietako STEAM ginkana zientifikoan parte hartu dute.
Zientzia jarduerez betetako arratsaldeak eman dio amaiera Bizilabe 2023-2024 ikasturteari

 

Zientziaz busti da Abanto-Zierbenako Las Carreras auzoko Haritzalde enparantza, herriko festak direla eta antolatu den ekitaldian. Arratsaldean zehar, Bizilabeko gazteek ikasturtean egin dituzten proiektuak aurkeztu dizkiete senitarteko, lagun eta herritarrei. Bertan izan dira ere, Bizilabeko gidariekin eta gazteekin batera, proiektuaren sustatzaile diren Elhuyarreko eta Udaleko ordezkariak.

Honako lau proiektu aurkeztu dituzte gazteek:

  1. Errealitate birtualeko betaurrekoak: etxeko materialak erabiliz (kartoia, belkroa, lupen lenteak…), errealitate birtualeko betaurrekoak eraiki dituzte gazteek proiektu honetan. Errealitate birtuala itxura errealeko eszena eta objektuen ingurune bat da —teknologia informatikoaren bidez sortua—, eta bertan murgilduta egotearen sentsazioa sortzen dio erabiltzaileari. Taldekideak: Izargi Gomez, Ainhize Munilla eta Haizea Navas.
  2. Dance Dance Revolution: proiektu honetan Scratch programa eta Makey Makey plaka erabili dituzte gazteek. Osagai hauekin erabiliz, Dance Dance Revolution jokoa sortu dute eta, horretarako, zirkuitu elektriko bat eraiki behar izan dute. Taldekideak: Izaro Roman, Danel Castro eta Irati Cabana.
  3. Kristalizazioak: Bi motatako kristalizazioak egin dituzte Bizilabeko gazteek: kobre sulfatozko kristalak eta geoda arrautzak. Taldekideak: Alain Sanchez, Osertz Lizarazu eta Ibai Garcia.
  4. Pilota saltokariak: pilota saltokariak egiteko errezeta onena aurkitzen saiatu dira gazteak. Horretarako, pilotak egiteko errezeta ezberdinak probatu dituzte eta denen artean salto handiena zeinek ahalbidetu duen frogatu dute. Taldekideak: Izaro Garcia, Haizea Sanchez eta Oihan Gomez.

Abantoko Bizilabeko 2023-2024 ikastutean zehar, 10-14 urte bitarteko 17 gaztek hartu dute parte; 10 neska eta 7 mutil. Saioa Aranburu Bizilabeko gidariak aipatu duenez, gazteek zientzia eta teknologian interes handia erakutsi dute eta Bizilabeko saioetara gogotsu etorri dira. Bizilaberen helburuetako bat bizipenak eta komunitatea dira. Hori dela eta, proiektuak egiteaz gain, ikertzaile profesionalen bisitei esker, euren eguneroko lanaren berri izan eta zientzia eta teknologia arloetako erreferente errealak dituztela azpimarratu du. 

Ginkana zientifikoa

Ikasturteko proiektuak aurkeztu aurretik, ginkana zientifikoan parte hartu dute Bizilabeko gazteek eta hurbildu diren herritarrek. Zientzia eta teknologiari lotutako 6 proba gainditu behar izan dituzte:

  • Mikroskopioa: gazteek, hezitzailearen laguntzarekin, porruaren eta ahoko zelula epitelialaren zelulak ikusi eta marraztu dituzte. Horretarako, mikroskopioa, portak, kubreak, disekziorako tresnak, laginak eta marrazketarako paperak eta margoak erabili dituzte.
  • pH: gazteek, aza morearen zukua erabiliz produktuak ordenatu dituzte azidoenetik basikoenera. Horretarako, pH-aren eskala topatu behar izan dute plazan zehar.
  • Kriptografia: proba honetan, galderak erantzunez, zenbakiak lortu dituzte. Horrela, kode bat osatu eta kutxa handia irekitzea lortu dute.
  • Erronka zientifikoa: urez betetako platerean dagoen txanpona eskuak busti gabe atera dute uretatik. Horretarako, 3D betaurrekoekin soilik irakur daitekeen kartel batean topatuko dute pista. Beraz, aurretik 3D betaurrekoak eraiki dituzte.
  • Patata elektrikoa: energia iturri gisa pilak eta patatak erabiliz, bi zirkuitu elektriko eraiki dituzte.
  • Aerolabangailua: Cdak, tapoiak, silikona-pistola eta puxikak erabiliz aerolabangailua eraiki dute.

 Abanto-Zierbenako BZL Eguneko argazki-galeria

                                                                                          

Eusko Jaurlaritza