98 saltokik bat egin dute Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatu zuen 2016an emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun hori ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Bilbo, Tolosa, Ibarra, Villabona, Elgoibar eta Donostiako 98 saltokik parte hartuko dute.
Saltoki bakoitzak emakume zientzialari bati eskaini dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Hemen emakumeei buruzko datuak eta kartela deskargatzeko aukera.
Ekimen hau Bizilaberen barruan kokatzen da, hau da gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan, eta Elhuyarrek antolatu du, Bilboko, Elgoibarreko, Tolosako, Ibarrako, Villabonako eta Donostiako udal eta garapen agentziekin, eta tokian tokiko merkatari-elkarteekin elkarlanean.
Hemen ekimenean parte hartu duten saltokien zerrenda eta informazioa.