2024/10/23

Bizilabe 2024-2025 ikasturtea martxan da

Urrian ekin diote saioei Abanto-Zierbena, Bilbo, Elgoibar eta Laudioko 206 gaztek
Bizilabe 2024-2025 ikasturtea martxan da

10-16 urte bitarteko 206 gaztek (91 neska eta 115 mutil) abiatu dute Bizilaberen 2024-2025 ikasturtea. Abanto-Zierbena, Bilbo, Elgoibar eta Laudion eskainiko dira saioak.

2017az geroztik, Bizilaberen helburua gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatzea da, eta hori komunitatearen parte-hartzearekin lantzen du.

Helburu hori lortzeko asmoz, “Izan ikertzaile eta asmatzaile” izeneko programan, astelehenetik ostegunera, gazteak zientzia- eta teknologia-jardueretan murgilduko dira gai horietan adituak diren emakumeen gidaritzapean. Jolas eta esperimentuen bidez eduki desberdinak barneratuko dituzte eta zientzia- eta teknologia-proiektuak garatuko dituzte.

Horrez gain, harreman-bizipen ugari izango dituzte ikasturtean zehar. Ikertzaile profesionalen bisitak jaso eta inguruko enpresak bisitatuko dituzte. Honela,  zientzia- eta teknologian lan egiten duten profesionalak eta inguruneko errealitate zientifikoa eta teknologikoa ezagutuko dituzte. Ildo beretik, udaberriko “Parekoen Topaketa” ekimenean, ideiak elkar-trukatuko dituzte profesionalekin. Otsailaren 11, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ere ospatuko dute. Gainera, Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko aukera izango dute. Bertan, ikasturtean garatutako zientzia- eta teknologia-proiektuak jendaurrean aurkeztuko dituzte.

Izena emateko aukera zabalik

Bizilabe saioetako ordutegia kontsultatzeko eta izen-emateko, egin klik esteka honetan:

 

  

Eusko Jaurlaritza
nuevo-bizkaia-forualdundia.jpg
Logo_Bilbao.gif
Elgoibarko udala
Laudioko udala
Abanto-Zierbenako udala