Bizilabe tailerrak Umeen Gabonetako Parkeko "STEAM gunea"-n
Elhuyar BECen egiten den Umeen Gabonetako Parke erraldoian izango da lehen aldiz, eta haur eta gazteentzako Bizilabe zientzia-eta teknologia-jarduerak eskainiko ditu. Jarduera hauek “STEAM gunea” izeneko txokoan izango dira abenduaren 14tik urtarrilaren 5era. Gunea Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloaren eta Innobasque-ren laguntzarekin sortu da.
“STEAM gunea”n egingo diren tailer hauen helburu nagusia zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea da, esperientzia dinamiko eta praktikoen bidez. Baita pentsamendu kritikoa, sormena, arazoen ebazpena eta talde-lana bezalako gaitasunak bultzatzea ere.
Tailerrak ez ezik, ginkanak eta ikuskizunak ere izango dira. Tailerrei dagokionez, Bio-polimeroak, Natura mikroeskalan, Argia eta hologramak, Minirobot lasterketak, Lurreratze-egiturak, Termopolimeroak eta NFC etiketak tailerrak egingo dira. STEAM ginkanetan, ordea, denetariko zientzia- eta teknologia-erronkak gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek. Azkenik, adin guztiei zuzendutako hiru ikuskizun ere izango dira: Huts-ponpa, Elektrizitatea eta Kimika ikusgarria.
Tailer eta ikuskizunen gidari guztiak emakume ikertzaileak izango dira, zientziaren eta teknologiaren etorkizuna ordezkatzen duten emakumeak. Erreferenteak ezinbestekoak dira belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko. Emakume zientzialarien parte-hartzeak, genero-estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ere ematen die parte-hartzaileei.
UGPko atrakzioen fisikaren ginkana
Mugikorretarako “Action Bound” aplikazioa erabiliz, Umeen Gabonetako Parkeko atrakzioen inguruko ginkanan parte hartu ahal izango dute DBHko gazteek. Horretarako, atrakzioetan jarrita egongo diren QR kodeak eskaneatu eta galderari erantzun beharko diote. Ginkana osatuz gero, XXS 360 atrakzioan ibiltzeko Pase Express-a eskuratuko dute.