Getxoko gazteek zientzia eta teknologia gertutik ezagutzeko espazio berria izango dute Bizilaberen eskutik
Atzo eman zitzaion hasiera Getxoko Bizilaberi, herriko gazteei zientzia eta teknologia modu praktikoan, sortzailean eta parte-hartzailean bizitzeko aukera eskainiko dien egitasmoari.
Bizilabe Elhuyarrek bultzatutako gazteentzako aisialdi-programa da. Getxoko Udalaren laguntzaz, BENTAn eskainiko dira tailerrak, eta helburua gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea da, komunitateko eragileak ere prozesuan inplikatuz. Horrela, zientzia eta teknologia ikasgelatik harago eramaten dira, gazteek beren ingurunearekin eta eguneroko erronkekin lotu ditzaten.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta, astelehenetan, euskaraz ematen den eskolaz kanpoko jarduera gisa ulertzen da programa. Aurten 25 ikastetxetako 80 ikaslek eman dute izena. 36 neska eta 44 mutilek.
Lehenengo jardunaldi honek Getxon abiatuko den ibilbide berriaren hasiera markatu du. Bizilaben, gazteek beren jakin-minetik abiatuta ikertu, esperimentatu eta proiektu zientifiko zein teknologiko propioak garatzeko aukera izango dute.
Atzoko inaugurazioarekin hasiera eman zaio Getxoko Bizilaberen lehenengo ikasturteari. Hemendik aurrera, jolasen eta esperimentuen bidez, hainbat ezagutza bereganatuko dituzte eta beren proiektu zientifiko eta teknologikoak garatuko dituzte. Proposatutako jarduerek pentsamendu kritikoa eta estereotipo okerrak gainditzea ere bultzatzen dute.
IZAN IKERTZAILE ETA ASMATZAILE BIZILABEN!
- Elhuyarrek bultzatutako urteroko programa
- Izena eman dutenen kopurua: 80 ikasle
- Lekua: Getxoko BENTAn (Aingeruaren etorb. 49)
- Datak: 2026ko irailetik 2027ko ekainera
- Saioak: astelehenetan
- 17:00-18:30: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak
- 18:30-20:00: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak
