Elhuyarrek gaztetxoentzako ‘Bizilabe’ ikerketa-zentroen sarearen proiektua aurkeztu du, Gipuzkoako gazteen artean zientzia- eta teknologia-ikasketak sustatzeko
Elhuyarrek, erabat kontziente izanik nolako eragina izan dezakeen neska-mutilek zientzia- eta teknologia-gaietan modu autonomoan ikertzeak eta aritzeak haien gaitasunetan, haien etorkizuneko aukeretan eta bizi diren eskualdearen etorkizuneko lehiakortasunean, lanean dihardu 2014tik Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen sarea martxan jartzeko. Lan horretan, GFAren ‘Etorkizuna eraikiz’ programaren laguntza izan du, Gipuzkoan Bizilabe sarea osatzen hasteko lehen urrats gisa.
Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari den Sebas Zurutuzak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatu du Bizilabe proiektua. Denon artean, Gipuzkoako Etorkizuna eraikitzea du jomuga foru egitasmoak. “Estrategiaren oinarrian, gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa dago, biharko erronkei erantzuteko ahaleginean lurraldeko gizarte antolatua engaiatu nahi dueña”, esan du foru arduradunak. Horrela, azaldu du Etorkizuna Eraikizek urtero kaleratzen duela diru-laguntza deialdia, eta Bizilabe aurkeztutako “herritarren proposamen” hauetako bat dela. Gaineratu du proiektuak “jarraipena” izango duela, “planteatzen duen ikuspegia oso interesgarria baita guretzat”.
Gaur arteko ibilbidearen inguruko azalpenak eman ditu Aitziber Lasa Iglesiasek, Elhuyarreko ZTIM eta zientzia-hezkuntzako arduradunak, GFAren Donostiako Gipuzkoa Plazako egoitzan egindako aurkezpenean. Azaldu duenez, ikerketek ondo erakusten dute gazteen artean “zientzia-bizipenak” sortzea giltzarria dela etorkizunean ZTIM bokazioak sustatu nahi badira, eta, bide horretan, inguruko komunitatearen inplikazioak berebiziko garrantzia duela.
Aurkezpenean, Elena Sevillano Peñak ere hartu du parte. Elena UPV/EHUko ikertzailea da, eta Bizilabe zentroko ikertzaile-taldeko kidea da. Gazteekin, ZTIM arloetako proiektugintzan dihardu aisialdian, eta, haren hitzetan, ezinbestekoa da “gazteek dituzten interesetatik abiatzea”. Bizilabe proiektuan, argi dute nesken artean zientzia- eta teknologia-erreferenteak ere irauli behar direla, eta horregatik sustatuko da profesional emakumezkoak bereziki hurbiltzea gazteengana.
Aurkezpenean, Beasaingo La Salle ikastetxeko DBHko gazteak ere aritu dira haien zenbait proiektu aurkezten, eta horrek sortu dizkien aukera eta galderak azaltzen. Proiektua garatzerakoan izandako bizipena nabarmendu eta azpimarratu dute, eta, etorkizunean beren buruak zientzialari gisa ikusten duten galdetuta, baietz erantzun dute.
- GFAko ‘Etorkizuna eraikiz’ programaren laguntza izan du proiektuak, eta eskualdeetako eragile ekonomikoak inplikatu nahi ditu Gipuzkoako gazteentzako Bizilabe ikerketa-zentroen sarea osatzen
- Helburua da 10 urtetik 19ra bitarteko gazteen artean ZTIM ikasketak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) sustatzeko ekintzak martxan jartzea, Elhuyarrek Bizilaberako landutako metodologiari jarraiki
- Hezkuntza arautuko estrategia eta aisialdirako proposamena dakar programak
- Gazteen eta ZTIM profesionalen artean harreman estuak indartu nahi ditu proiektuak, gazteen zientzia-bizipenak areagotzeko, eta neska-mutilen etorkizuneko autopertzepzioan eragiteko