2026/03/27

Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko 46 profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketetan

Martxoaren 23tik 26ra bitartean, Elhuyarrek sustatzen duen Bizilabe programaren baitan, Parekoen Topaketak egin dira sareko egoitza guztietan: Abanto-Zierbenan, Bilbon, Elgoibarren, Iruñean eta Laudion. Ekimen honen bidez, zientzia eta teknologiaren arloko 43 emakume eta 3 gizon profesional Bizilaben parte hartzen duten 10 eta 16 urte bitarteko 174 gazterekin elkartu dira, elkarrizketa eta esperientzia-trukea sustatzeko helburuz.
Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko 46 profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketetan

Martxoaren 23tik 26ra bitartean ospatutako Parekoen Topaketetan, zientzia eta teknologiaren esparruko profesionalek (43 emakume eta 3 gizon) beren ibilbidea, eguneroko lana eta aurkezten zaizkie erronkak partekatu dituzte gazteekin. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete profesionalei.

     

Mahai bakoitzean, profesional bat eta gazte-talde bat elkartu dira, eta, dinamika parte-hartzaile baten bidez, ideia-trukea sustatu da. Profesionalek aholkuak eta orientazioa eman dizkiete gazteei, eta gazteek aukera izan dute zientzia eta teknologiaren munduko emakume erreferenteak gertutik ezagutzeko. Saioan, profesionalak mahaiz mahai mugitu dira, elkarrizketa dinamikoa eta aberasgarria izan zedin.

     

Parekoen Topaketen bidez, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen lana, eta emakume erreferenteak ikusgai egiten dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute, eta etorkizuneko ikasketa- eta lanbide-aukerei buruz hausnartzeko aukera dute.