2024/06/13

100 gazte baino gehiago bildu dira lehenengo ‘Bizilabe egunean’ 20 proiektu zientifiko-teknologiko aurkezteko

Basurtuko, Deustuko, Otxarkoagako eta Zorrotzako gazteek parte hartu dute lehenbiziko ‘Bizilabe Egunean’, ikasturtean landutako ideia berritzaileak Zabalgune eraikinean egin den ekitaldian azalduz.
100 gazte baino gehiago bildu dira lehenengo ‘Bizilabe egunean’ 20 proiektu zientifiko-teknologiko aurkezteko

Bilboko Bizilabeko 100 gaztek baino gehiagok 20 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztu dituzte “Bizilabe Egunaren” lehen edizioan. Senideez gain, ikasturte amaieran Bilboko Erdiguneko Zabalgune Eraikinean egindako ekitaldian Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotzia eta Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Zinegotzia egon dira, Elhuyarrekin batera Bilboko Bizilabe proiektuaren erakunde sustatzailearen ordezkaritzan; bertan egon da, halaber, Elhuyarreko STEAM Hezkuntza koordinatzailea, Aitziber Lasa.

Bizilabe Elhuyarrek antolatutako proiektu bat da, gazteei bizipen zientifikoak eskaini nahi dizkiena, komunitate osoaren inplikazioarekin. 2023-2024 ikasturtean zehar Basurtun, Deustun, Otxarkoagan eta Zorrotzan Bizilabe eskolaz kanpoko jarduera garatu da eta guztira 139 gaztek parte hartu dute, 11 taldetan banatuta; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 88 gazte, DBHko 1. eta 2. mailako 38 gazte eta DBHko 3. eta 4. mailako 13 gazte izan dira.

Hauek dira ikasturtearen amaierako ekitaldi gisa Zabalgune Eraikinaren atarian egindako jardunaldian aurkeztu diren 20 proiektuak:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako proiektuak:

  • Errealitate birtualean ikusteko betaurrekoak egin dira. Errealitate birtualeko betaurrekoen helburu nagusia burua engainatzea da 3D irudi bat ikusten ari garela sinestaraziz.
  • Programazioa landuz “Dance dance revolution” eta “Satorra” jokoak programatu dituzte. Gainera, maketa gidari bat sortu dute.
  • Kristalizazioak: kristalak eratzeko prozedura eta horretarako behar diren materialak ikasi dituzte, eta soluzio gainasea egin dute. Kobre sulfatozko kristalak, geoda-arrautzak, kristalezko lorategiak edo fosfato monoamonikozko kristalak (ADP) fabrikatu dituzte,
  • DNA ateratzea: landare-DNA atera dute eta izaki bizidun guztiok partekatzen dugun biomolekula dela ikasi dute.
  • Pascalen printzipioa ikasi dute hidraulikako proiektuak Fluidoen mugimendua sortuz eraikitako egituraren mugimendua eragin dute. Kasu honetan ateak, esku robotikoak eta labirintoko zubiak egin dituzte.
  • Paperezko hegazkinen ingeniaritza erronka bihurtu da. Erronka honen helburua paperezko hegazkin bat diseinatzea eta eraikitzea da, hegazkinaren diseinuak eta formak hegaldian duen eragina aztertzeko. Gainera, paperezko hegazkinak jaurtitzeko, ingeniaritzako diseinu-prozesuan oinarritutako paperezko proiektagailu bat eraiki dute.
  • Magnetismoa aztertu dute ferrofluidoak, slime magnetikoak eta elektroimanak bezalako esperimentuen bidez.
  • Eguzki Sistemaren maketa bat egin dute.
  • Argiaren propietateak aztertu dituzte hainbat esperimenturen bidez. 

DBHko 1.- 4. mailako proiektuak:

  • Blind runner: itsuentzako makila bat egin dute, oztopoez ohartarazten duena.
  • Biodiesela: erabilitako eta erabili gabeko olioetatik abiatuta biodiesela ekoitzi dute eta material horien arteko aldeak aztertu dira biodiesel onena zein den zehazteko.
  • Future Street: material piezoelektrikotik energia elektrikoa sortzen duen errepide-prototipo bat fabrikatu dute.
  • Drona: 3D inprimatzeko teknikak erabiliz drone bat diseinatu eta eraiki dute. Arduino batekin programatu dute joystick analogiko batekin elkarreragiteko. Ondorioz, hegaldiaren altitudea eta dronearen inklinazioa eta mugimenduak kontrola ditzakete.
  • Hidroetxea: proiektu honetan maketa hidroelektriko bat diseinatu eta 3D inprimaketa-teknikak erabiliz eraiki dute, “pelton” motako turbina batekin.
  • Antibiograma: antibiograma teknikaren bidez elikagaietan dauden antibiotiko eta antifungiko naturalak aztertu dira eta antibiotiko komertzialekin alderatu dira. Lan honek saria jaso du Elhuyar Zientzia Azokan.
  • Hovercraft: aeroirristagailu bat eraiki dute hainbat materialekin.
  • Bideojokoa: bideojoko bat sortu dute Scratchekin haurrak elikadura-ohitura txarren inguruan kontzientziatzeko.
  • Laborantza hidroponikoa: laborantza hidroponikoa eraiki dute eta letxugak erein dituzte.
  • Kosmetiko ekologikoak: dutxa-gel bat, xanpu bat eta gorputz-krema ekologiko bat ekoitzi dituzte.
  • Pilula-banagailua: pilulak ordenan gorde eta banatzeko gailu bat sortu dute.

 

BIZILABE, 2017TIK HAZTEN ARI DEN SAREA

2017az geroztik Bizilaberen helburua gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatzea da, eta hori komunitatearen parte-hartzearekin lantzen du. Horregatik, proiektuak egiteaz gain, ikertzaile profesionalekin egindako “Parekoen Topaketa” ekimenari, Bizilaben jasotako ikertzaileen bisitei edo Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna ospatuz egin den “Otsailaren 11ko erakusleihoak” ekimenari esker, gazteek zientziaren eta teknologiaren esparruko eguneroko lana eta benetako erreferenteak ezagutu dituzte. Era berean, enpresetara eta zentro teknologikoetara egindako bisiten bidez inguruneko errealitate zientifikoa eta teknologikoa ezagutu ahal izan dute.

Bizilabek 2017an Deustun ateak ireki zituenetik proiektua Bilboko beste hiru gunetara zabaldu da: 2021ean Otxarkoagan jarri zen martxan, 2022an Zorrotzan eta 2023an Basurtun. 2017tik gaur egun arte 800 gaztek baino gehiagok hartu dute parte Bizilaben. Gainera, Bizilabeko komunitatea hazten joan da eta dagoeneko 25 enpresa, 43 ikastetxe eta 234 saltoki batu dira.

Urrian hasiko den 2024-2025 ikasturtean, Bilboko Bizilabe espazio berria irekiko da Esperantza Frontoian. 

2024ko urritik 2025eko maiatzera “Izan ikertzaile eta asmatzaile” Bilboko Bizilabe programan parte hartzeko honako esteka honen bidez eman daiteke izena: Bizilabe 2024-2025 izen emateak

 

Bizilabe Eguneko argazki-galeria

Eusko Jaurlaritza
nuevo-bizkaia-forualdundia.jpg