2025/03/26

Bilboko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketan

Bilboko Bizilabeko gazteak zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalekin elkartu dira Parekoen Topaketan

Bilboko Zabalgune Eraikinean egin den Parekoen Topaketa ekimenaren bidez, zientzia eta teknologiaren arloko emakumezko profesionalak  Bizilabe programan parte hartzen duten haur eta gazteak parez pare dira. Bertan, 21 emakume profesionalek beren esperientziak eta erronkak partekatu dituzte, 10 eta 16 urte bitarteko 70 haur eta gazterekin, eta azken horiek beren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete emakumezko profesionalei.

Bilboko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako ekimen honetan, gazte eta profesionalen arteko elkarrizketa zuzena bultzatu da. Mahai bakoitzean zientzia eta teknologiaren esparru profesionaleko emakume bat eta gazte-talde bat elkartu dira. Lehenik, emakume profesionalek beren burua aurkeztu eta egiten duten lanaren berri eman diete gazteei. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren proiektuen berri eman diete profesionalei. Elkarrizketaren bidez, profesionalek aholkuak eta iradokizunak eskaini dizkiete gazteei, eta, aldi berean, gazteek aukera izan dute emakume profesionalen jarduna sakonago ezagutzeko. Saioan zehar, profesionalak mahaiez mahai aldatu dira, ideia-elkartrukea dinamikoa eta aberasgarria izan dadin.

Ekimen honi esker, haur eta gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen eguneroko lana, eta emakume erreferenteak ikusgai jartzen dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute. Bilbon egiten den laugarren edizioa da, eta gazteen talentua sustatzen laguntzen du ekimenak.

Bilboko Bizilabe 2017an jarri zen martxan eskolaz kanpoko programa gisa, eta bertan gazteek zientzia eta teknologia modu praktiko eta esperimentalean lantzen dituzte. Ekimen hau posible da Bilboko erakunde desberdinen arteko elkarlanari esker. Instituzioak, ikastetxeak, enpresak eta familiak saretu egiten dira, eta sare horren emaitza da, besteak beste, Parekoen Topaketa. Horrez gain, Bizilabeko gazteek urtean zehar STEM emakume profesionalen bisitak jasotzen dituzte eta enpresak bisitatzen dituzte, lan-eremuak, haien testuinguruak eta bertako profesionalak gertutik ezagutzeko.

Ekimen hau gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko urrats bat gehiago da, ikerketa eta berrikuntza beren egunerokoan txertatzen lagunduz.

Parekoen Topaketan parte hartu duten STEM profesionalak:

  • Ibone Mancisidor – Formula Student Bizkaia
  • Maialen Garcia Sarasa – Vicomtech
  • Alazne Berguices – Mtech-Energy Saving Consulting
  • Iraide Ruiz – Twilio
  • Isabel Barriocanal – Benito Ingeteam
  • Maialen Martinez Preciado – EHU
  • Adhara Gaminde Blasco – Achucarro Basque Center for Neuroscience
  • Beatriz Navarro – Innarima Consulting S.L.
  • Tania Payó Barrenetxea – Grunver Sostenibilidad
  • Cristina Galán García-Arcicollar – IDISCAM
  • Eva Epelde Bejerano – UPV/EHU
  • Itziar Cabanes Axpe – Bilboko Ingeniaritza Eskola/Escuela de Ingeniería de Bilbao (UPV/EHU)
  • Raquel Justo Blanco – UPV/EHU
  • Irene Gallardo Gómez – Virtualware
  • Elena Santa Cruz – AZTI
  • Saioa Ramos – AZTI
  • María Mateo Santos – AZTI
  • Esther Blanco Rayón – UPV/EHU eta Algaverso
  • Maite Fuentes – Gestamp
  • Elisa Pérez Pérez – Bilbao Ekintza
  • Veronica Palomares – Dpto. de Química Orgánica e Inorgánica (UPV/EHU)

Argazki-galeria: Parekoen Topaketa Bilbon

 

Eusko Jaurlaritza
nuevo-bizkaia-forualdundia.jpg