2023/11/24

Bilboko Bizilabeko gazteek STEM profesionalen bisita jaso dute

Bisita horiei esker zientzian eta teknologian lan egiten duten emakume profesionalak gertutik ezagutu dituzte eta euren proiektuak garatzeko aholkuak jaso dituzte.
Bilboko Bizilabeko gazteek STEM profesionalen bisita jaso dute

Berezia izan da aste hau Bilboko Bizilabe zentroetan. Bilboko STEM profesionalak joan dira bisitan. Guztiak emakumeak. Bisita horietan, STEM profesionalek euren eguneroko lanaren berri eman diete gazteei eta euren arloari lotutako esperimentuak egin dituzte. Gazteek STEM profesionalak gertutik ezagutu dituzte.

Izan ere, oso garrantzitsua da zientzia eta teknologia arloan lan egiten duten pertsonen irudi erreala jasotzea gazteek, oraindik ere estereotipoek indar handia baitute. STEM profesionalen inguruan duten pertzepzio okerrek ez dute laguntzen arlo horiekiko interesa pizten. Pertzepzio okerren bide beretik, oso garrantzitsua da neska gazteengan eragitea. Izan ere, eragiten duten estereotipoen artean, zientzian diharduen pertsona gizonezkoa dela ikusten dute. Ondorioz, neskei zailagoa egiten zaie euren burua etorkizunean arlo horietan lanean ikustea. Hori dela eta, bisitan joan diren zientzia eta teknologia alorreko profesional guztiak emakumezkoak izan dira.

Horrez gain, STEM profesionalen kontakizunei esker, gazteek Bilboko zientzia eta teknologia enpresak ezagutu dituzte. Bilbon egindako gazteen STEAM diagnosiak agerian utzi zuen gazteen ehuneko handiak ez dakiela Bilboko enpresetan zertan egiten den lan.

STEM profesionalek ez ezik, gazteek ere izan dute zer kontatua. Bizilaben  zer proiektu egiten dituzten azaldu diete STEM profesionalei eta zenbait aholku jaso dituzte gazteek.

Bilboko STEM profesional hauek izan dira bisitan:

  • Adhara Gaminde. Alzheimerrari buruzko doktoratu ondoko ikertzailea EHUn.
  • Cristina Galán. Matematikaria Bcamath-en.
  • Marta Camacho. Telekomunikazio ingeniaria.
  • Aida Santos. Urologoa OSI Bilbao Basurto-IIS Biobizkaia-n.
  • Arantza Muguruza. Bioteknologia ikertzailea CSIC-en.

   

Eusko Jaurlaritza
nuevo-bizkaia-forualdundia.jpg