‘Bizilabe Bilbao’ ekimeneko 80 gazte baino gehiago bildu dira zientzia eta teknologiako emakume profesionalekin esperientziak trukatzeko
Atzo arratsaldean, martxoak 24, Zabalgune eraikinean ospatutako saioan, zientzia eta teknologiaren esparru profesionaleko emakumeek beren ibilbidea, eguneroko lana eta lanbidean aurkitzen dituzten erronkak partekatu dituzte gazteekin. Ondoren, gazteek Bizilabe programan garatzen ari diren STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak aurkeztu dizkiete profesionalei.
Mahai bakoitzean, profesional bat eta gazte-talde bat elkartu dira, eta, dinamika parte-hartzaile baten bidez, ideia-trukea sustatu da. Profesionalek aholkuak eta orientazioa eman dizkiete gazteei, eta gazteek aukera izan dute zientzia eta teknologiaren munduko emakume erreferenteak gertutik ezagutzeko. Saioan, profesionalak mahaiz mahai mugitu dira, elkarrizketa dinamikoa eta aberasgarria izan zedin.
‘Parekoen Topaketa’ren bidez, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientzia eta teknologiaren arloko profesionalen lana, eta emakume erreferenteak ikusgai egiten dira. Halaber, gazteek beren proiektuak hobetzeko orientazioa jasotzen dute, eta etorkizuneko ikasketa- eta lanbide-aukerei buruz hausnartzeko aukera dute.
Bilbon egin den bosgarren edizio honek gazteen talentua sustatzen jarraitzen du, eta ikerketa eta berrikuntza gazteen egunerokoan txertatzeko urrats sendoa da.
Bilboko Bizilabe 2017an jarri zen martxan eskolaz kanpoko programa gisa, eta bertan gazteek zientzia eta teknologia modu praktiko eta esperimentalean lantzen dituzte. Ekimen hau posible da Bilboko erakunde, ikastetxe, enpresa eta familia batzuen arteko elkarlanari esker. Sare-lan horren emaitza da, besteak beste, Parekoen Topaketa.
Horrez gain, Bizilabeko gazteek STEM emakume profesionalen bisitak jasotzen dituzte urtean zehar, eta enpresak bisitatzen dituzte, gertutik ezagutzeko lan-eremuak, haien testuinguruak eta bertako profesionalak.
Ekimen hau gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko urrats bat gehiago da, ikerketa eta berrikuntza beren egunerokoan txertatzen laguntzen baitu.
Aurtengo ‘Parekoen Topaketan’ parte hartu duten STEM profesionalak:
- Aitziber Matos Bruna (Elhuyar)
- Aitziber Mendiguren Ordorica (EHU)
- Alazne Berguices (Mtech Group - Consulting)
- Arantza Muguruza Montero (EHU)
- Beatriz Bellanco Anibarro (Ingeteam)
- Cristina Galán García-Arcicollar (Biosistemak)
- Eider Núñez (Bizilabe); Iraia Fernández Akarregui (Elhuyar)
- Isabel Barriocanal Benito (Ingeteam)
- Josefa Ferreiro Quintana (Osakidetza)
- Leire Orive (Formula Student Bizkaia EHU)
- Maddalen Rodriguez Astigarraga (EHU)
- Maria Angeles Acera Gil (IIS BioBizkaia-Cruces)
- Naroa Iribar Irureta (EHU)
- Natividad Alcorta Sevillano (IIS Biobizkaia)
- Patricia Ruiz Ontañón (Biobizkaia)
- Rocío Rojas Martín (IIS Biobizkaia eta EHU)
- Sara Alicante Martinez (EHU)
- Sonia Gabancho Iglesias (Eusko Jaurlaritza/Osasun saila)
Argazki-galeria: Bilboko Bizilabeko Parekoen Topaketa

