Bizilabe Bilboko 'Ikertzaileen Europako Gaua' saioarekin bat eginez
Bilboko Udalak eta Elhuyarrek, Bizilabe Bilbo programaren sustatzaileek, bat egiten dute aurten Udalak antolatutako 'Ikertzaileen Europako Gaua' ekimenarekin. Irailaren 27 eta 28rako zientzia-dibulgazioko programa zabala antolatu du Udalak publiko guztientzat; horien artean hitzaldiak eta tailerrak egongo dira, eta bi tailer eskainiko dituzte Bizilabeko ikertzaileek Deustuko Udaltegian.
Horrelako ekimenak Europako 300 hiri baino gehiagotan antolatuko dira, ikerketa eta ikertzaileek, horien lanak eta ikerketaren onurak jendearengana hurbildu eta egunerokotasunean duen eragina azpimarratzeko.
7 urte baino gutxiagoko haurrak dituzten familientzako eskaintza aurtengo nobedadeetako bat da, eta eskaintza horren barruan kokatzen dira Bizilabeko adituek emango duten 'ADN bila elikagaietan!' tailerrak. Tailerrean landuko dira bizidunetan nola lortu ADN eta nola aztertu osagaiak eskura ditugun tresnekin. Tailerrak irailaren 27an eta 28an izango dira, arratsaldetan, baina aurrez izena eman behar da: www.bilbao.eus
BIZILABE PROGRAMA
BIZILABE Bilboko Udalak eta Elhuyarren sustatuako ikerketa-zentroa da. Bilboko gazteek, eskolaz kanpo, zientzia eta teknologia alorreko aditu edo ikertzaileen laguntzaz STEAM konpetentziak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) garatzen dituzte, asmatzaile eta ikertzaile izateko, esperimentatzeko eta taldean lan egiteko aukera bultzatuz. Horrela, eta puntako gaietan eta erronka errealekin lan eginez, STEAM gaietan interesa piztu eta gazteen ahalduntzea bultzatzen dira.
Ikasturte osorako eskolaz kanpoko eskaintza zabala du Bizilabe Bilbok (Deustuko Udaltegia, Agirre lehendakaria, 42. Deustua)
TAILERREN EZAUGARRI ZEHATZAK
Bizilabe proiektuaren baitan 3 motatako tailerrak eskaintzen dira, eta hauek dira tailer horien ezaugarri zehatzak:
1- 6 saioko tailerrrak: 2019-2020 ikasturtean zehar 5 tailer izango dira, ostegunetan, 18:00-19:30 ordutegian
- Tailerra: Argien marrazkilari! Argiekin eta argazkiekin irudiak sortuko ditugu. 2019ko urriaren 3tik azaroaren 7ra
- Tailerra: Ginkana egin dezagun! Desafio zientifiko-teknologikoen ginkana diseinatzeko tailerra. 2019ko azaroaren 14tik abenduaren 19ra
- Tailerra: Kristalografia eta geologia. 2020ko urtarrilaren 9tik otsailaren 13ra
- Tailerra: Mugarik gabe! Guztiontzako etxeak diseinatzeko tailerra. 2020ko otsailaren 20tik martxoaren 26ra
- Tailerra: Agur euri, etor eguzki! Eguraldi-fenomenoen inguruko tailerra. 2020ko apirilaren 23tik maiatzaren 28ra
2- 'Izan ikertzaile eta asmatzaile' ikasturteko programa: zientzia eta teknologiako proiektuak garatuko dira ikasturtean zehar, ikertzaile eta profesionalekin harremanetan, eta bizipenak ardatz hartuta; eguna aukeratzeko: astelehena, asteartea edo asteazkena
- 12-14 urte, 17:00etatik 18:30etara
- 15-17 urte, 18:30etatik 20:00ra
3- Oporretako tailerrak: 2019-2020 ikasturtearen oporretan ere zientzia eta teknologian ikertzeko aukera izan dezaten:
- Gabonetan, 2019ko abenduaren 23-24-26 eta 27an
- Aste Santuan, 2020ko apirilaren 14tik 17ra
- Udan, 2020ko ekainaren 22tik 26ra