Bizilabeko gazteek Bilboko STEM Profesionalen bisita jaso dute
Bilboko STEM profesionalak Bizilabera joan dira bisitan. Euren eguneroko jardunaren berri eman diete gazteei. Honi esker, STEM profesionalen eta lanbideen inguruan izan ditzaketen irudi estereotipatuak hautsi eta STEM profesionalak gertutik ezagutzeko aukera izan dute.
Gazteek erronka bat gainditu behar izan dute profesionala ezagutzeko. Profesionalak bere arloari lotutako hiru objektu erakutsi dizkie. Gazteek objektuak erlazionatuz bere ikergaia edo lan profesionala zein den ondorioztatu dute. Honela, STEM profesionalak, galdera-erantzun bidez, gazteen irudimena eta jakin-mina piztu ditu.
Bere ikasketez eta ibilbide profesionalaz ez ezik, alderdi pertsonalaz ere hitz egin die. Izan ere, oso garrantzitsua da STEM arloko profesionalak pertsona arruntak direla erakustea. Oraindik ere estereotipoek indar handia baitute. STEM profesionalen inguruan duten pertzepzio okerrek ez dute laguntzen arlo horiekiko interesa pizten. Pertzepzio okerren bide beretik, oso garrantzitsua da neska gazteengan eragitea. Izan ere, eragiten duten estereotipoen artean, zientzian diharduen pertsona gizonezkoa dela ikusten dute. Ondorioz, neskei zailagoa egiten zaie euren burua etorkizunean arlo horietan lanean ikustea. Hori dela eta, bisitan joan diren zientzia eta teknologia alorreko profesionalen gehiengoa emakumezkoak izan dira.
Horrez gain, STEM profesionalen kontakizunei esker, gazteek Bilboko zientzia eta teknologia enpresak ezagutu dituzte. Izan ere, Bilbon egindako gazteen STEAM diagnosiak agerian utzi zuen gazteen ehuneko handiak ez dakiela eskualdeko enpresetan zertan egiten den lan.
Honakoak dira Bizilabeko bisitetan parte hartu duten STEM profesionak:
- Inma Hernández Rioja: Bibloko Ingeniaritza eskolako Komunikazioen Ingeniaritza saileko ikertzailea eta irakaslea.
- Jaime del Pozo Vallejo: Ingeniaria. Formula Student Bizkaia.
- Alazne Berguices: Ingeniaria. Energy Saving Data Consulting – Mtech.
- María Azpiroz: Proiektu-ingeniaria. Canalink.
- Paula Ramos González: Doktorego osteko ikertzailea. Achucarro Basque Center for Neuroscience (Euskal Herriko Unibertsitatea).
- Uxue Balanzategi Fernandez de Arroiabe: Doktorego osteko ikertzailea. Achucarro Basque Center for Neuroscience (Euskal Herriko Unibertsitatea).
- Irune Ugarte Arkistain: Research assistant. Achucarro Basque Center for Neuroscience (Euskal Herriko Unibertsitatea).
- Alba Legarda Gonzalez: Doktoretza aurreko ikertzailea. Achucarro Basque Center for Neuroscience (Euskal Herriko Unibertsitatea).
- Elvira Fernández Herrero: Bibloko Ingeniaritza eskolako Ingeniaritza Elektrikoa saileko ikertzailea eta irakaslea.
- Eduardo Jacob: Industria-ingeniaritzan doktorea eta Ingeniaritza Telematikoan katedraduna. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- Cristina Galán García-Arcicollar: Matematikan ikertzailea. Eukal Herriko Unibertsitatea.
