2026/02/03

Bilbok Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko du Elhuyarrekin batera

Otsailaren 2tik 11ra, 50 saltokik apainduko dituzte euren erakusleihoak emakume zientzialari baten omenez.
Bilbok Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko du Elhuyarrekin batera

Bilboko Udalak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko du Elhuyarrekin batera. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.

Horrela, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri da martxan Bilboko 50 dendatan. Ekimena otsailaren 2tik 11ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Aurten, Euskal Herri osoko 400 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan.

Horrez gain, herritarrek, haur zein heldu, ginkana batean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, 12 emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeren QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte.

Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela sei urte, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aurten, Euskal Herri osoko 16 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera: Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urduliz.

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.

Bilboko saltoki parte-hartzaileak:

  • Autoservicio Álvaro
  • Podología Ana Gutiérrez
  • Farmacia Sofía Mendizabal - Katia Minteguia
  • Banfi Estanco 94
  • F2 Informática
  • Centro de Estética Tania Lorenzo
  • Dietética y Masajes Ponin
  • OPTIKARI
  • Occident Seguros Agencia Iker Alonso
  • EHUDENDA
  • YESSER Decoración
  • Farmacia M.A. Linaza Peña
  • ENTREFOCOS
  • Informática ZORROTZA.COM
  • Pedro Salcedo
  • Terai Cosmética
  • Ferreteria Rekalde
  • Farmacia Villasante
  • Farmacia Inma Olabarrieta Ibarrondo
  • NAHIARTE
  • CK Estilistas
  • a2m Gabinete de fisioterapia
  • Anna Pan y Cafe
  • PSIKOLAN
  • Tonific
  • Óptica Ilarte
  • Punto y Seguido
  • Glass Art studio
  • Farmacia Miren Gallastegui Ispizua
  • Txibirita Herbodietetica
  • Sopa de Sapo
  • The Skin by Cirugía Plástica Bilbao
  • Bar Patxo
  • Libertad Avenue
  • Resukare Estética
  • Cerrajería Wilma
  • Atelier Olga Yrazu
  • Farmacia Zubiri Zuaznabar
  • Farmacia arantza madariaga perez
  • Aberto Valencia Fotografía
  • SOIK centro de día
  • Uribarri Fisioterapia
  • Kumon Indautxu
  • BILBOKOMUNIK2
  • Librería Garza
  • Lagun Onak
  • Librería Etxean
  • Geuria merkatua
  • Clínica Dental Bilbao Latina
  • Farmacia Feo Onzain