Maiatzak 19. Erronka: 'Barazki margolariak'
Biologia Kimika Eskulanak
SARRERA
Erronka honetan, naturan ikus ditzakegun koloreez hitz egingo dugu, pigmentu biologikoez. Pigmentu biologikoak kolorea duten organismoek sortutako substantziak dira. Molekula horiek koloreak izatearen arrazoia prozesu kimiko desberdinen emaitza da. Baina, ezagutzen duzu pigmentu biologikorik? Animalien azalaren eta ilearen kolorea adibidez, melanina izeneko pigmentuaren baitan dago; eta goiko irudiko azen kolore berde eta morea, klorofila eta antozianina pigmentuen baitan daude.
Baina pigmentu biologikoek ez dute apaintzeko funtzioa, organismoentzat fisiologikoki garrantzitsuak diren funtzioak betetzen dituzte; melaninak, adibidez, gure azala eguzki-izpien eraginpean dagoenean erradiazio ultramorea xurgatzen du, azala eguzki-erasoaren aurrean defendatuz. Klorofila, berriz, landareetan aurkitzen den pigmentu garrantzitsuena da, eta fotosintesian funtsezko zeregina betetzen duen konposatua da.
Argi duzu orain zer diren pigmentu biologikoak? Goazen bada, pigmentuekin jolastera!
ZER BEHAR DUGU?
Hurrengo lerroetan bi erronka planteatzen zaizkizu: “Pigmentuekin tindatzen” bata, eta “Pigmentuen kimika”, bestea. Bakoitzean gauza desberdinak behar dituzu.
1- Pigmentuekin tindatzeko
- Kolore desberdinetako barazkiak eta elikagaiak:
- Azenarioak
- Erremolatxak
- Espinakak
- Kafe-aleak
- Espeziak: kurkuma, kurria,...eta abar
- Ura
- Ozpina
- Egosteko ontzi bat eta arrautzak tindatzen jartzeko ontziak
- Arrautza zuriak
- Papera (akuarelak margotzeko papera bada hobeto)
- Pintzelak
2- Pigmentuen kimika aztertzeko
- Aza morea
- Ura
- Sodio bikarbonatoa
- Lixiba
- Ozpina
- Limoi-zukua
- Egosteko ontzi bat
- Labana
- Pastikozko edalontziak
URRATSEZ URRATS
Pigmentuekin tindatzen
1- Barazkiak eta arrautza egosten jarri. Ontzi batean tindatzeko erabiliko duzun barazkia/janaria egosten jarri (aurretik barazkia/janaria txikitu). Ura irakiten dagoenean ontzi horretan bertan arrautza jarri eta 10-15 minutuz barazkiarekin/janariarekin batera egosi. Kolore desberdineko arrautzak lortzeko, prozesua barazki/janari desberdinekin errepikatu.
2- Arrautzak koloretako uretan jarri. Arrautzak egosi direnean uretatik atera, ontzi batean jarri eta egosteko erabili duzun urarekin ontzia bete.
3- Ozpina bota. Arrautza koloredun uraz estalia dagoen ontzian ozpin-koilarakada bat gehitu eta gutxienez 8 orduz tindatzen utzi.
4- Arrautzak uretatik atera eta lehortzen utzi. Tindatzeko denbora pasatzen denean arrautza ontzitik atera eta lehortzen utzi.
5- Koloretako urekin margotu. Barazkiak egosi ondoren soberan daukazun koloredun urak erabiliz, akuarelekin margotzeko erabiltzen den paper porotsuan margotu dezakezu.
Oharrak
- Kolore desberdinak lortzeko hurrengo elikagaiak erabili ditzakezu: urdina (ahabia), horia (kurkuma), laranja (paprika, azenarioa), marroia (kafea), arrosa (erremolatxa edo ahabi-gorria), berdea (espinaka) eta morea (ardo gorria).
- Ozpin gehiago botatzen baduzu kolore biziagoak lortuko dituzu.
Hurrengo estekan azalpenaren bideoa ikusi dezakezu (gaztelaniaz): https://www.youtube.com/watch?v=1ry97WxVT2Q
Pigmentuen kimika
1- Aza morearen infusioa egin. Aza morea labanarekin txikitu eta urarekin 15 minutuz egosi. Gero, hozten utzi eta ura gorde (morea).
2- Aza morearen ura edalontzietan banatu. Aza egosteko erabili duzun ura hoztu denean edalontzietan banatu, guztietan gutxi gorabehera kantitate berdina jarriz. Bost edalontzi bete behar dituzu.
3- Edalontzi bakoitzean beste osagaiak gehitu. Aza morearen ura duten edalontzietan beste osagaiak gehitu eta gertatzen dena behatu:
- 1. edalontzia: lixiba.
- 2. edalontzia: sodio bikarbonatoa
- 3. edalontzia: ura
- 4. edalontzia: ozpina
- 5. edalontzia: limoi-zukua
Zer gertatu da?
Aza egostean antozianina izeneko pigmentuak erauzten dira, ura morez koloreztatuz. Antozianinek landare batzuen hostoei, loreei eta fruituei kolore gorria, urdina edo morea ematen diete, eta bere egituran pH-aren aldaketaren eraginez ematen diren aldaketen ondorioz, kolorez aldatzen dira.
Horregatik kolorez aldatu da edalontzietan dagoen ur morea beste konposatuekin nahastean. Ozpina eta limoi-zukua azidoak dira, eta aza morearen uraren pH-a jeisten dute. Sodio bikarbonatoak eta lixibak, ordea, uraren pH-a igo egiten dute. pH-aren aldaketa horien eraginez, ontzietan dagoen ur morea kolorez aldatzen da. Ur morean ura botatzen badugu ez da kolorez aldatzen, uraren pH-a neutroa delako. Kasu honetan more kolorea argitu egiten da, baina ez da kolorea aldatzen.